2012/12/30

GABONETAKO OHIKO HITZORDUAK

Lehenik ahotsak berotu eta etxez-etxe ohitura zaharrari eutsiz taldetxo polit bat bildu ginen gabon-eskean. Afaltzera joan aurretik, inauterietan egin ohi dugun moduan Olaberrian ibili ginen giro onean.

Ane Mirenek ateratako argazkiak testigu.

Larunbat honetan berriz urteroko zita garrantzitsu bat ospatu berri dugu, zahar eta gazteen arteko futbol partidua. Kolpaturen bat edo beste eta erresumin txikiren bat salbu irrifartsu amaitu zen hitzordua (beno, batzuk ikusi ahal izan genuen artean behintzat, izan ere ziur ordu txikitan bukatu zutela Donostia aldean).
        

Messi ere ez dute hain ondo zaintzen.

Lehia estua izan zen.

Baina guztiaren gainetik adiskidetasuna.


Ondoren noski, mahaiaren bueltan jarraitzeko.

Aukera polita izan ohi da honelakoetan ere dantzatik at elkartzeko (nahiz eta ez den aitzakia handirik behar).

2012/12/24

SAN TOMAS EGUN OPAROA

Hala izan genuen bai, eguraldiak nahikoa errespetatu gintuen eta batzuk goiz-goizetik hasi ziren lanean jo eta ke. Jendea iristen hasi zenerako dena prest zegoen txosnan eta egun osoan zehar gelditu gabe aritu ginen.



Txosnako lanari urteroko dantza saioak ere gehitu genizkion gainera, haur ugari aritu ziren arratsaldez eta pixkat helduxeagoak iluntzean. Bai, badakit zuetako asko izan zinetela han, opari mordoa banatu baikenituen.
Gustokoa izatea espero dugu eta ia 2013an zehar gurekin gogoratzen laguntzen dizuen.

2012/12/19

SAN TOMAS EGUNA

Aurreko batean aipatu bezala eta egutegiak hala adierazten digun moduan badator 2012ko San Tomas eguna ere.
Urtero gisan dantza saio ezberdinak eskainiko ditugu Urdanibia plazan. Batetik arratsaldeko 18:00tan Kemeneko harrobiko hainbat taldetako haur eta gaztetxoek dantzatuko dute eta gerora gaueko 21:00tan taldeko helduenak (edo adindunenak esan beharko nuke agian), arituko gara dantzan.
Azken urteetan ohitura bihurtu den legez, saioa LARRAIN DANTZA ZABAL batekin amaituko dugunez bertan egongo zareten guztioi deia luzatu nahi dizuegu gurekin batera neguan dantzan sar zaitezten.

Aurtengoan gainera berrikuntzak ere izango ditugu. Batetik, ekonomikoki bizi dugun garaia nolakoa den guztiok dakigu eta bereziki urteurrena dela eta izango ditugun gain gastuei aurre egiteko txosnan lanean arituko gara egun osoan zehar. Bestetik, aipaturiko urteurren ekintzen barruan gure kide eta lagun guztioi oparitxo bat egitea otu zaigu. Oparia jasotzeko txosnatik pasa eta taldekide presturen batek zuen izena hartu eta gustu handiz emango dizue. HAN ESPERO ZAITUZTEGU!!!


2012/12/16

URTE HASIERA BETEA

Dantza ikasturtea batzar orokorraren ondoren poliki-poliki hasi ohi dugu urtero, entseguei ekinez, gorputzak berriro martxan jarriz, baina aurtengoan ez dugu alperkeriatan ibiltzeko aukera handirik izan. Lehenik ikastolaren urteurrena eta ondoren euskararen nazioarteko egunaren ospakizuna, jo eta ke dantzan gabiltza batetik bestera.
Abenduaren 2an Uranzun haur eta helduok eskainiriko dantza saioak berotzeko aukera txiki bat behintzat eman zigun, kanpoan hotz, baina "eskenatokian" goxo-goxo.


                      

                      



Orain berriz San Tomas eguna dugu gainean eta urtero legez bertan ere plazara aterako gara. Arratsaldeko 6etan lehenik eta iluntzeko 9tan gero han izango gara guztion gozagarri. Ia eguraldi polita dugun eta denok han elkar ikus dezakegun gabonei hasiera bikaina emateko.
Gogoan izan hemendik aurrera ere hainbat ekitaldiren berri emango dugula eta uste baino lehenago SORPRESA ederrak izango ditugula guztiontzat.

2012/12/03

IRUNGO IKASTOLAK 50 URTE

Kemenek 40 bai, baina Irungo ikastolak, ondoren Txingudi ikastola izenaz ezagutzen dugunak 50 ospatzen ditu aurten.
Urteurren honen karietara hainbat ikasle ohi elkartu eta omenaldi xume bat egin nahi izan zieten hasierako urte gogor haietan lanean aritu ziren guraso eta irakasleei. Honelako egun batean ezin ba gu falta. Izan ere, "Kemen Txingudi ikastolako dantza taldea" gisa ezagutu eta bizi izan dugu urte luzetan eta gu ez ginateke garena izango, irungo errealitatea eraldatzeko lan eskerga egindako guzti horiei esker ez balitz.
Guk noski egiten dakigun moduan, dantzan, parte hartu nahi izan genuen omenaldian.



Irungo Ikastola 50 Urte - Kemen dantza taldea from bidemedia on Vimeo.

2012/11/05

2012-2013 IKASTURTEA: 40. URTEURRENA



Aurreko igandean ospatutako urteroko batzar orokorraren ondoren, hasiera eman diogu 2012-2013 ikasturteari. Eta aurtengoa ikasturte berezia izango da, Kemen Dantza Taldearen 40. urteurrena baita.

Hau ospatzeko, hamaika ekitaldi aurrera eraman nahi ditugu. Ea guztion parte-hartzearekin denak martxan jartzea lortzen dugun eta denon artean urte ahaztezina bizitzen dugun dantzaren inguruan.

Blogaren bidez, ospatuko diren ekitaldi guztien berri ematen saiatuko gara aldez aurretik, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko edo bertaratzeko aukera izan dezan.

Besterik gabe… hasi dezagun ospakizuna!

2012/10/14

URTEURREN HASIERA NEKETSUA

75 km inguru, ez da marka txarra gero!
Zorionak Zaldibitik Iruñearako bidea osatu duzuen guztioi, sasoitsu zaudete, eh?
Urteurren ekitaldiei hasiera bikaina eman diozue, ziur hemendik aurrera dena arinagoa izango dela...





San Migelen lehenengo etaparen amaieran




Gazteak gogor datoz gero! 
Gora "el entusiasmo juvenil"

         Gauza askotarako denbora dago eta...


Intendentzia ere ezinbestekoa da.

Dantza pixka bat ere egin behar...


Aupa ekipo!!!

2012/10/12

LEHENENGO URRATSA

Azken hilabete honetan bota ez duen ura gaur egin digu Zaldibiatik Iruñarako lehenengo etapan. Goizeko hamaiketan Iztuetaren etxean argazkia atera ondoren Enirioko maldan gora hasi gera. Lehenengo maldak lehorretik joan ondoren hurrengo sei orduetan lagun izan dugu euria, baina baita Peioren txirularen doinua ere.


Hamaiketakoaren ondoren Jentilharri trikuharrian

Lehenengo etaparen ibilbidea hurrengo loturan duzue:
https://maps.google.com/maps/ms?msa=0&msid=217338910791240371115.0004cbe087f8a6271428a

2012/10/10

TXIS..............PUM!!!

40 urte igaro dira jada 1973. urtean Txingudi ikastolako dantza taldea sortu zenetik. Bai, gezurra dirudi baina gutako asko jaio aurretik ere, beste batzuk jo eta ke lanean zebiltzan gure folklorea gaztetxoenengan zabaldu nahian.
Hain zuzen ere 40 urte alperrik joan ez direlako 2012-13 ikasturtea ospakizun urtea izango dugu taldean. Bai, badakigu ez dela urtemuga bete-betea (10 urte barru izango dugunaren gisara), baina ospakizunetarako aitzakia handiegirik ez genuke bilatu behar, ezta?

Beraz, ikasturtean zehar hainbat eta hainbat ekintza antolatuko ditugu, hauetako asko urteroko zitak izan ohi dira, baina beste asko ere gehituko dira aurtengoan. Pixkanaka-pixkanaka joango gara ekimen hauen berri emanez.

Oraingoan lehenengoa aurkezteko asmoz gatoz. Orain dela 5 urte 35. urteurrena zela eta "Olanoren dantzarien bidean"  barrena mendi martxa zoragarri bat antolatu genuen, bertan izan ginen guztioi betirako oroimenean geratuko zaiguna. Esperientzia errepikatu eta batez ere garai hartan oraindik taldean ez zeudenei aukera hau eskaintzeko asmoz aurten ere Zaldibiatik Iruñearako bidea egingo dugu. Hain zuzen ere, ostiral honetan bertan Zaldibiatik abiatu eta hiru etapatan iganderako Iruñeara iristea da asmoa.
Lehenengo mendi martxak izugarrizko oihartzuna izan zuen komunikabideetan eta aurtengoa umilago egiteko asmoa badugu ere ziur primeran aterako dela.

2007an eginiko bidearen bideoa

2012/10/01

2012ko UDAKO ABENTURAK SERBIAN



Abentura abuztuaren 19an hasi genuen, Irundik autobusa hartuta 22 ordu aurretik, gaua barne, Innsbruckeraino iritsi arte. Hori bai, pelikula, karta eta Tribialarekin bidea arinagoa egitea lortu genuen.

Innsbruck bixitatu eta hurrengo goizean, berriz autobusa hartu eta Vienara joan ginen, Peio eta Naiararen bila (gure taldean ere mailak eta mailak daude). Behin hauek jasota Suboticarantz abiatu ginen, gure bidaiaren helmugarantz.

Subotican 5 egun pasa genituen, bertako dantza jaialdian parte hartzeko. Gure taldeaz gain, Latvia, Mexiko, Costa Rica (“Mi Punta Arena”), Italia eta Errusiako taldeak zeuden.
Dantza dezente egin genuen (bai aktuaziotan eta baita gauetan ere) eta beroa pasa ere… zer zen hori! Autobuseko termometroak ere “nahiko” esaten zuen eta tenperatura altu hoiek markatzeaz paso egiten zuen.

Suboticaz gain, beste bi herritan ere dantzatu genuen eta aktuazioetan hamaika istorio gertatu zitzaizkigun: asma atakeak, erorketak eta botakak gure errepertorioaren zati izan ziren jaialdi hartan. Hala ere, dantza ikuskizun txukun askoak eskeini genituen eta Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zuberoako folklorearen zati bat bertakoei erakutsi.

Horrez gain, dantza ikastaro gaua ere izan genuen. Txulalai, Maiako Esku Dantza eta Polka Pik erakutsi genizkien beste dantza taldeei. Eta gure parrandako dantza errepertorioaz gozatzeko aukera ere izan zuten. Gainera, gure taldeko hainbatek, Errusiako eta Costa Ricaco dantzak egiten ere maila polita erakutsi zuten.

Hala ere, dena ez zen dantza izan eta zooan izan ginen, arratsalde bat pistinan pasa genuen “a remojo” eta Danubioko hondartza batean bainatzeko aukera ere izan genuen.

5 egun horiek pasata etxera itzultzeko garaia iritsi zen baina Irunera iritsi aurretik hainbat geldialdi egin genituen bidean. Lehenengoa Sarajevon, non duela 20 urteko gerraren aztarnak oraindik nabaritzen diren. Ondoren, Mostarren izan ginen bertako zubia ikusteko. Esan behar da zubia ikusterakoan ez genuela turisten agobiorik izan, ez genuen kalean inor ere gurutzatu. Agian goizeko 4.30etan ikusi genuelako izango al zen…?

Hurrengo goizean Dubrovnik-en esnatu ginen. Bertako harresi gainetik alde zaharrari buelta eman ondoren, urdin turkesa koloreko itsasoaren aldera ematen zuen terrazatxoan zerbait hartu genuen, eta hainbatek ez zuten ur horietan bainatzeko aukera galdu. Portuan bazkaldu eta berriro ere autobusean Splitera joan ginen ferria hartzera. Afaria eta mus txapelketaren ondoren, Anconako (Italia) uretan esnatu ginen egunsenti polit batekin.

Handik Genovara joan ginen. bertan bazkaltzeko geldialdia egin, eta autobusera igo ginen berriro, gure azken helmugaraino iritsi arte, Irunera.

Datorren urteko bidaiaren zain gaude iada … 

2012/08/23

EUSKAL JIRA JENDETSUA

Udako ekintzetan ohikoa bihurtu zaigu Irungo Euskal Jirako gurdiarena ere.
Taldea nazioarteko jaialdiren batean parte hartzen ari ez bada behintzat, uztaila amaierako asteetan gurdia atondu eta abuztuko lehenengo larunbatean kalera atera ohi dugu guztion gozagarri.



Aurtengoan taldeak urte luzez herrian burutzen duen tradizio sakoneko soka-dantza irudikatu dugu (eskerrak batzuk behintzat lan gogor egiteko gogoa izan duten). Kurioso geratu da, minimalista eta aldi berean landua.

Gurdia kalera ateratzeak noski, helburu nagusi bat du, nahi eta ahal duen guztia gurekin dantzara etor dadila eta aurten behintzat jendetza biltzea lortu dugu.

Eta gainera ERROMERIA (esperientzia hartzen ari gara)!!! Gora Kemeneko musikariak, udal txistulariak, dantza gidaria eta noski parte hartu zuen DANTZAZALE oro (bestela aze erromeria izango litzatekeen...).
MILA ESKER GUZTIOI

2012/08/16

UDA AURRERA DOA

Alfer xamar ibili eta kontatzeko denborarik hartu ez dugun arren hainbat zita izan ditugu aurten ere.
San Martzialak urruti ditugun honetan, denborak ematen duen perspektibatik, ikasturteko lanaren fruituak ikusi ahal izan genituen saio oso batean eta gustura gaude eskainitakoarekin. Soka dantzak ere betiko dizdira izan zuen (urterokoa izateagatik ez baitu ilusio txikiagoa sortzen gugan, ikusleagan auskalo!!!).


Ondoren, udako entsegu beroak hasi genituen eta uztaila amaieran Sopuertan dantzatzeko aukera izan genuen Siberiako talde batekin batera. Euskal dantzek azken urteetan izan duten bilakaera ikusirik talde bakoitzak bere "espezialitatea" aurkitzearen garrantziaz eta beharraz behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu eta garbi dugu gurea Gipuzkoako dantzak direla. Beraz, brokel makilena zikloko zein probintziako beste edozein dantza (Oñati, neskatxen soka dantza...) egiteko eskaria gustuz eta konbikzioaz hartu ohi dugu.



Gainera, irudi xelebreak ikusteko aukera ere ematen dute saio hauek, zuek epaitu!.


   
        Luzatze saiakera gogooooorrrakk!
Politikariak zigortuta
Adinekoak auskalo nori errezuka










2012/06/18

HASI DUGU UDA!

Bai, izan ere Kemenek uda solstizio aurretik hasi ohi du urtero.Lehenik eta behin San Martzialetako egitarau oparoari ekinez eta aurtengoan txistulari alardearekin. Atzoko beroari aurre eginez (iazkoarekin alderatuz frexko egiten zuen arren) dantzatu-dantzatu ez dakit, baina hainbat salto behintzat egin genituen. Beno, kolore eta alaitasuna eman genion saioari (batzuen aurpegiek festa ondorena erakusten zuten arren) eta jai hasierako suziria jaurtitzeko balio izan zigun. Orain aste batez entseguekin jarraitu eta asteburuko zita bikoitzari aurre egiteko indarrak bildu beharko!!!

2012/06/05

2012/05/26

HONDARRIBIA DANTZAN VI


Atzoko hitzaldiaren ondoren, Hondarribia dantzanek aurrera darrai eta gaurkoan hainbat ekitaldi izango dira.

Arratsaldeko 18.00tan hasita, herriko kaleetan zehar Berastegi, Deba, Baztan eta Oñatiko taldeak ikusteko aukera izango dugu.
19.00tan Santa Maria Madalenara hurbildu, eta bertan dantza agerraldia eskainiko dute.
20.30tan aldiz, Kemeneko musikarien eskutik erromeria izango da. Alpargatak jantzi eta dantzara denak!

Igandean ere dantzez gozatzeko aukera egongo da, txikienen eskutik oraingoan.
Goizeko 11.00tan Gernikako arbolatik kalejiran abiatuta, Arma plazan lehenik eta San Pedro kalean ondoren hainbat dantza eskainiko dituzte eta goiza bukatzeko, 12.30ak aldera, saioa eskainiko dute Santa Maria Madalenan.

2012/05/24

THIERRY TRUFFAUT


1957an Baionan jaiotako antropologo nekaezin hau, Pariseko gizarte zientzien goi mailako eskolan antropologia sozial eta historikoan diplomatua da. Toulouse-ko Mirail unibertsitatearen LISST antropologia sozialaren laborategian ikertzaile aritzen da.
70.hamarkadatik Euskal Herriko, Gaskoinako eta Pirinioetako inauteriak eta ondare ez-materiala ditu ikergai.
Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan da, Etniker eta Eusko ikaskuntzako kidea da eta Lapurdiko inauteriaren berreskuratze prozesuan zeresan handia izan du.
Hainbat artikulu eta ikerketa lan argitaratu ditu inauterien inguruan, hala nola, Zubieta eta Lapurdiko inauteriak sakon ikertu zituen “Joaldun et Kaskarot” liburuan eta argitaratu berri duen bere azken lanean “Euskal Herriko Lapurdi probintziako inauteri eta negu ohituren zerrendatze bati buruz” urte askotako lan sakonaren fruituak bildu ditu.
Thierry Truffaut-ek eskainiko duen hitzaldiaren izenburua ondorengoa da: “Tradiciones de carnaval e invierno”.

2012/05/15

NEGUA JOAN DA TA...

Udaberri inguruan gure agenda betetzen hasi ohi da eta aurten ere hainbat ekitalditan parte hartu dugu. Hernaniko Dantzari festan (ohitura bihurtu den legez) eta Zuberoako maskaradan izan gara.

 Hernaniko plaza

Azken irteera honek berebiziko garrantzia du, urte asko igaro baitira taldeak bizirik dirauen euskal tradizio nagusienetakoaren adierazle diren maskaradak ikustera azken txangoa antolatu zuenetik. Zer esanik ez aurtengoan igandera soilik bideratu beharrean, asteburu osoko ekintzak antolatu direnean.

Kemenkideak aterpetxean

Aurreko igandean berriz, aurtengo bigarren txango ludiko-pedagogikoa egin genuen, Legazpiko Mirandaolara joan baikinen besteak beste ezpata-dantza ikustera.

Aupa TXANGO LAN TALDEA!

2012/05/12

EUSKAL DANTZAREN ADIERAZPENA

Apirilaren 21ean, Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena gogoan hartuta, euskal dantza tradizionalaren alorrari begira ekitaldi bat antolatu zuten Kezka dantza taldeko kideek.


Eibarko udaletxean buruturiko ekitaldi honetan, Euskal Dantzaren Adierazpena sinatu genuen gaur egun dantza tradizionalaren alorrarekin lotura zuzena dugun hainbat eta hainbat eragilek. Testu  hori aurreko hilabeteetan zehar hainbat dantzazaleren artean landua izan zen.











Ondoren, hasiera batean plazara jaisteko asmoa izan arren, euriak aukerarik eman ez zuenez, udaletxe barnean bertan biharamuneko soka-dantza deitua egin genuen guztiek eskutik bat eginez.



Egia esan ekitaldi berezia izan zen eta nolabaiteko zirrara ere sortzen zuen belaunaldi ezberdinetako hainbeste dantzazale elkarrekin ikusteak.
Hona hemen sinaturiko adierazpena:

Euskal dantzaren adierazpena

2012/03/21

ARANTXAREN OMENEZ

Aurreko igandean eskerrak emateko asmoz San Martzialen bildu ginenok bat egiten dugu Pellok idatziriko hitz hauekin.

Urteetan atzera egin behar,

gehiegi, agian,

eta hantxe gogoratzen zaitut, Arantxa,

neska taldea gidatzen, zure altueraren laguntzaz

egoera guztia behar bezala kontrolatzen

eta denen belarri, oin eta gerriak erne, tente eta prestu,

pauso bakoitza gogoz emateko prest,

zure ahotsaren doinuaren zain:

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.


Zutabe garrantzitsuenetako bat Kemen-en sorreran,

arduradun nagusietako bat Kemen-en lehen arrakastetan.

Beti egongo zara taldearen izenarekin lotuta.

Guztion memorian iltzaturik dago txuri beltzeko argazki hura,

hirurak irribarretsu, hirurak alai, hiru irakasle, hirurak apartak,

eta guretzako hirurak bat, hirurak Kemen.

Horrelaxe egin zuen taldeak aurrera, zuen indarraren laguntzaz,

zuen borondatearen ekimenez,

eta zure presentzia, Arantxa, ezinbestekoa.

Zure kantuaren poza nabaritzen zen,

bai eta zure seriotasunaren tinkotasuna ere, beharrezkoa zenean,

gure barrabaskerien errekari mugak jartzen,

eta, horrela,

batzuetan gida ezina zirudien belaontziak aurrera egiten zuen

bai barealdian, bai ekaitzaldian ere.


Horrek guztiak baliotsuak ginela adierazten zigun,

guri,

artean mukizu hasiberriak, txepel, ganberro baina bihotz onekoak,

eta geure sentimenduen harrotasuna heziz joan zen

eta pertsona bezala hazi ginen.

Eta bizitzaren ildoek, askotan gure borondatearen

eskuetatik aldentzen direnek,

beste bide batzuetan barrena eraman gaituzte.

Eta aurrera goaz nor bere bidean

eta oroitzapenez betetzen ditugu gure bidaiaren maletak

bizitzak aurrera egin ahala.


Baina zu, Arantxa, helmugara iritsi aurretik,

zure maleta hustuz joan zinen pixkanaka-pixkanaka,

eskolan hastera doan haurraren motxilatxoa baino ttikiagoa egin arte.

Hala ere, alaitasuna, gehien okupatzen duena

eta gutxien pisatzen zaiguna, betiere zurekin batera eraman zenuen.

Eta zure ahotsaren doinua oraindik entzuten dugu, eta gurekin dirau:

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.


Maletaren tamaina eta bere hustu-betetzea

misterioak dira, misterio handiak.

Eta misterioa da, era berean, gu denok hemen egotea.

Egun batean

egun miragarri batean, egun guztiak baitira miragarriak−

joan zarela esan digute,

eta urrunean zure ahotsa ere entzuten jarraitzen dugu,

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.

Gerardo Garciak ateratako argazki


2012/03/10

ARANTXA OLAIZOLA ZENDU DA

Normalean ekintza desberdinak, dantza saioak... deskribatu ohi ditugu gure blogean eta gehienetan behintzat irribarretsu eta alai azaldu ohi gara taldekideak. Baina, badira egun eta albiste tristeagoak ere eta hauen berri eman beharrean izaten gara zenbaitetan. Gaurkoan taldearen hasierako urte oparoetan ezinbesteko izandako pertsona baten heriotza da idaztera garamatzana. Gaur egun taldean gauden gehienok ez genuen Arantxa zuzenean ezagutzeko aukerarik izan, baina azken urteetan taldearen historian pixka bat sakontzeko egiten ari garen elkarrizketa saioetan lehena, Pili eta berarekin egin izanaz harro gaude.



Askotan azpimarratu ohi dugun moduan, hasierako langile borondatetsu haien lanari esker izan ez balitz, gu ez geundeke hemen. Bere lagun eta familia artekoei besarkada handi bat bidali eta guztion partetik eskerrak ematea besterik ezin dugu egin.

2012/02/20

INAUTERIAK 2012

Iritsi bezain azkar joan zaizkigu inauteriak.

Aurreko astean iada hasi ginen motorrak berotzen aurtengo inauterietarako. Larunbat arratsaldean, kauterak iritsi ziren Irunera Hungariatik bidai luzea egin ondoren. Eta gu han izan ginen gure dantzekin ijito hungariarren ezkontzan giroa pixka bat berotzeko, izugarrizko hotza egiten baitzuen.


Asteburu honetan berriz inauterietako ekitaldi nagusienak izan ditugu. Larunbat goizean, hirugarren urtez iada, Euskal Herri inauteria ospatu genuen Irungo kaleetan zehar. Eguraldi politak lagundurik egin genuen Pio XII. plazatik Erromes plazara dagoen bidea Lapurdiko aratusteen zati bat ezagutzera emanez.

250 bat pertsona, haur, gazte eta heldu elkartu ginen eta Saltarintxo, Zapatari dantza, Ostalerrak eta Lapurdiko polka dantzak eskaini genituen kaleetan zehar bildu zen jende ugariarentzat.

Desfilean Lapurdiko inauteriko pertsonaiak ikusteko aukera izan genuen, hala nola, Kotilun gorriak, Kaskarotak, Ponpierrak eta hartza (haur guztien arreta deitu zuena)


Igandean aldiz, urtero-urtero bezala, Puska Biltzea egin genuen Olaberria auzoan zehar. Eguraldia kasu honetan ez zen gure aldeko azaldu eta goizean goizetik laino beltzek zerua estali zuten, eta baserriz baserrirako bidea euri zaparradek lagundurik egin genuen.

Betiko moduan eta ohitura onei eutsirik eguerdian bazkaria egin genuen. Dena primerakoa zegoen, zorionak eta eskerrik asko sukaldariei!


Ahaztu gabe, zorionak bikote taldeko guztien partez, disfrutatu hemendik aurrerakoaz!!