2013/03/30

ARI, ARI, ARI....

Ez dut "urtero bezala" hasiera errepikakorra erabiliko, baina bi urtean behin bezala aurtengoan ere Kemeneko hainbat kidek euskararen festa handian parte hartu dute. Goizeko lautan gure lokal zaharraren ondoan genuen zita ezarria eta bertara hurbiltzen joan ginen taldekideak Euskal Herri guztia zeharkatu zuen Korrikara batzeko. Gehienek afaria luzatu zuten, inguruko tabernetan, eta oso animotsu lekukoa hartu behar genuen lekura bertaratu ziren (beroketa lan handirik ez zuten behar izan).  



Egoitz eta Lidia lekukoa eskuetan (utzi zieten bitartean)

2013/03/20

IRUDI ETA HOTSEN BIDETIK

Askotan entzun izan dugu bertsolaritza munduan, teknologiak aldaketa garrantzitsuak ekarri dituela bertsolaritza modernoaren atal garrantzitsu izateraino. Bada, dantza munduan ere berdintsu esan genezake. Noski dantza dezakegula soinu ekipo eta argi ederrik gabe, baina hainbat gune, areto eta formatotarako ezinbesteko bihurtu zaizkigun osagarriak dira.

Kemenen historiako urte luzeetan arlo honetan laguntzaile izan dugun Jose Luis gogoan izan nahiko genuke. Egunkaria ireki eta bere heriotzaren berri izan genuenean ezusteko handia hartu genuen. Ezin dugu ahaztu hainbat eta hainbatetan berarekin lan egin dugula eta askotan mesede ederrak egin dizkigula. Izan ere, beti egon izan da laguntzeko prest (grabazio desberdinetan, irudiak plazaratzeko orduan...).

Kemenkideon partetik gure samina adierazi, eskerrak luzatu eta familia eta lagunei doluminak iristarazi nahi genizkieke.

Mila esker denagatik!