2012/05/26

HONDARRIBIA DANTZAN VI


Atzoko hitzaldiaren ondoren, Hondarribia dantzanek aurrera darrai eta gaurkoan hainbat ekitaldi izango dira.

Arratsaldeko 18.00tan hasita, herriko kaleetan zehar Berastegi, Deba, Baztan eta OƱatiko taldeak ikusteko aukera izango dugu.
19.00tan Santa Maria Madalenara hurbildu, eta bertan dantza agerraldia eskainiko dute.
20.30tan aldiz, Kemeneko musikarien eskutik erromeria izango da. Alpargatak jantzi eta dantzara denak!

Igandean ere dantzez gozatzeko aukera egongo da, txikienen eskutik oraingoan.
Goizeko 11.00tan Gernikako arbolatik kalejiran abiatuta, Arma plazan lehenik eta San Pedro kalean ondoren hainbat dantza eskainiko dituzte eta goiza bukatzeko, 12.30ak aldera, saioa eskainiko dute Santa Maria Madalenan.

2012/05/24

THIERRY TRUFFAUT


1957an Baionan jaiotako antropologo nekaezin hau, Pariseko gizarte zientzien goi mailako eskolan antropologia sozial eta historikoan diplomatua da. Toulouse-ko Mirail unibertsitatearen LISST antropologia sozialaren laborategian ikertzaile aritzen da.
70.hamarkadatik Euskal Herriko, Gaskoinako eta Pirinioetako inauteriak eta ondare ez-materiala ditu ikergai.
Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan da, Etniker eta Eusko ikaskuntzako kidea da eta Lapurdiko inauteriaren berreskuratze prozesuan zeresan handia izan du.
Hainbat artikulu eta ikerketa lan argitaratu ditu inauterien inguruan, hala nola, Zubieta eta Lapurdiko inauteriak sakon ikertu zituen “Joaldun et Kaskarot” liburuan eta argitaratu berri duen bere azken lanean “Euskal Herriko Lapurdi probintziako inauteri eta negu ohituren zerrendatze bati buruz” urte askotako lan sakonaren fruituak bildu ditu.
Thierry Truffaut-ek eskainiko duen hitzaldiaren izenburua ondorengoa da: “Tradiciones de carnaval e invierno”.

2012/05/15

NEGUA JOAN DA TA...

Udaberri inguruan gure agenda betetzen hasi ohi da eta aurten ere hainbat ekitalditan parte hartu dugu. Hernaniko Dantzari festan (ohitura bihurtu den legez) eta Zuberoako maskaradan izan gara.

 Hernaniko plaza

Azken irteera honek berebiziko garrantzia du, urte asko igaro baitira taldeak bizirik dirauen euskal tradizio nagusienetakoaren adierazle diren maskaradak ikustera azken txangoa antolatu zuenetik. Zer esanik ez aurtengoan igandera soilik bideratu beharrean, asteburu osoko ekintzak antolatu direnean.

Kemenkideak aterpetxean

Aurreko igandean berriz, aurtengo bigarren txango ludiko-pedagogikoa egin genuen, Legazpiko Mirandaolara joan baikinen besteak beste ezpata-dantza ikustera.

Aupa TXANGO LAN TALDEA!

2012/05/12

EUSKAL DANTZAREN ADIERAZPENA

Apirilaren 21ean, Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena gogoan hartuta, euskal dantza tradizionalaren alorrari begira ekitaldi bat antolatu zuten Kezka dantza taldeko kideek.


Eibarko udaletxean buruturiko ekitaldi honetan, Euskal Dantzaren Adierazpena sinatu genuen gaur egun dantza tradizionalaren alorrarekin lotura zuzena dugun hainbat eta hainbat eragilek. Testu  hori aurreko hilabeteetan zehar hainbat dantzazaleren artean landua izan zen.











Ondoren, hasiera batean plazara jaisteko asmoa izan arren, euriak aukerarik eman ez zuenez, udaletxe barnean bertan biharamuneko soka-dantza deitua egin genuen guztiek eskutik bat eginez.



Egia esan ekitaldi berezia izan zen eta nolabaiteko zirrara ere sortzen zuen belaunaldi ezberdinetako hainbeste dantzazale elkarrekin ikusteak.
Hona hemen sinaturiko adierazpena:

Euskal dantzaren adierazpena