2013/04/28

2013/04/22

GAITA, DULTZAINA ETA BESTELAKO TXIRIMIAK


Igandean 70 gaita jole bildu genituen taldearen 40. urteurren ospakizun ekitaldien barruan. Giro bikainean Irungo kaleak alaitu zituzten, jarraian Urdanibia plazan saio aberats eta anitza eskainiaz. Gaita joleak Irun, Hondarribia, Hendaia, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Donostia, Hernani, Andoain, Deba, Logroño, Alberite, Cervera eta Arnedotik etorriak ziren. Bertan, Euskal Herrian ezaguna dugun dultzainaz gain, xirularrua, bajoia eta familiako beste tresna batzuk ikusi eta entzun ahal izan ziren. Saioa amaitzeko guztiek batera Hernaniko Iñaki Egurenek Kemenen omenez sorturiko "Kemen" eta "Mosku" piezak jo zituzten, baita batzuk dantzatu ere.
Ondoren noski bazkari eder eta musikatu batekin eman zitzaion egunari jarraipena (oturuntza bikaina beste behin ere, dantzatu-dantzatu ez dakit nola egiten dugun, baina otordu lan-taldea behintzat, sasoiko dabil...).
Kemendik eskerrak eman nahiko genizkioke laguntzaile izan genituen guztiei (EKT eta Aldapa elkarteei besteak beste), entzuleei eta parte hartzaile orori. 



2013/04/18

GAITEROAK IRUNEN


Taldearen 40. urteurrena ospatzeko ekimenen barruan apirilaren 21ean Irunen  gaitero topaketa bat antolatu dugu.
Topaketak dantza taldeetan musika eta musikariek, kasu honetan, dultzaina hotsak eta dultzaineroak duten garrantzia aldarrikatu nahi du eta Irungo kaleetan dultzaina hotsak modu ozenago batean zabaldu. Parte hartzaileek goizeko 11etatik aurrera Urdanibia plazatik abiatuz gure hiriko hainbat kale zeharkatuko dituzte, 13:00 inguruan berriro ere plazara itzuli eta saio txiki bat eskainiaz.

Igandez dezibelioak eta umore ona behintzat ziurtaturik ditugu. Animatu eta parte hartu, dantzarako aukera ere izango dugu eta!

2013/04/17

AZE BIHARAMUNA...

Beno, beno, ikusten denez dantzarako eta beste gauza askotarako elkartzen gara taldean, eh?
Batzuk gainera dantza askorik egin gabe ere sagardotegira ederki batzen dira.

Bejondeizuela, segi elkarrekin ondo pasatzen!!!