2010/05/27

BADATOR HONDARRIBIA DANTZANEKO ASTEBURUA

Aurtengo Hondarribia Dantzan-en egitaraua aurreko urteetako ohiturari jarraituz, ostiralean, folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko genuke, arratsaldeko 8etan udaletxeko areto nagusian:

Hitzaldia Karlos Irujok emango du.
Hitzaldiaren izenburua ondorengoa da: Ondarearen aurrean bi ikuspegi

Larunbatean bailaran euskal dantzak ikasten diharduten hainbat haurren bilkura burutuko da. Bertan, Hondarribiako Talaia ikastolako dantzari txikiez gain, Irungo Adaxka dantza taldea, zein Kemenen harrobi diren Eguzkitza eta Elatzeta eskolako beste hainbat haurren parte hartzea izango da. Bilkura arratsaldeko 17:00tan hasiko da Gernikako arbola plazan eta herriko kale ezberdinak alaitu ondoren Santa Maria Madalena plazan ekitaldi nagusia izango da 18:30ak aldera.

Igandean, lau dantza talde gonbidatu dira; Berrizko San Lorentzo, Berako Gure Txokoa, Lizarrako Ibai Ega eta Cortesko dantzariak.
12:30ean Santa Maria Madalenan lau taldeek dantza agerketa burutuko dute.
Asteburua ondo eta alai bukatzeko 18:00tan erromeria izango dugu Zumardian Imuntzo, Beloki eta Mattin taldearekin.
Asteburua aurreko urteetan bezain gustora igaroko dugula espero dugu!

KARLOS IRUJO


Karlos Irujo Ortzadar folklore elkarteko kidea da 1977 a geroztik, eta bertan lan itzela egindakoa ikerketa sailaren barruan. Eusko Ikaskuntzako kidea, antropologoa eta NUP (Nafarroako Unibertsitate Publiko)ko Irakasle Asoziatua.

2008an Lantz, Ituren eta Zubietako ihauteriak Nafarroako Ondare ez-material izendatzeko beharrezkoa izan zen txostenaren egileetariko bat ere bada.

2009an txostenaren laburpena Panorama aldizkariaren 40. zenbakiak argitara eman zen, "Carnavales de Lantz-Ituren-Zubietako Inauteriak" izenarekin.

2010ean, Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzuak agindutako Erronkariko "Hiru behien tributoa"ren txostena osatzen ere parte hartu zuen.

BERRIZKO SAN LORENTZO DANTZA TALDEA

San lorentzo dantza taldea 1952an Alejandro Aldekoak sortu zuen. Alejandrok, Berrizko txistulari eta dantza maisu handiak, San Lorentzo ermitan dantzatze asmoz sortu zuen taldea. Ondoren taldeak dantzatzeari utzi zion eta gerora beste gazte batzuekin birsortu zen. Gaur egun taldeko txistularia Alejandro Aldekoaren semea den German dugu eta taldeko dantzariak sortzaile izandakoen laugarren edo bostgarren belaunaldikoak ditugu.



Taldeak gordetako dantza errepertorio nagusiena dantzari datza eta erregelek osatzen dute.

BERAKO GURE TXOKOA DANTZA TALDEA


Gure Txokoa K.K.E. 1931. urtean sortu bazen ere lehendik ere herrian bazen dantza talde bat. Gaur egungo taldeak 120 dantzari biltzen ditu.

Gure Txokoa Dantza Taldeak Abuztuaren 3an (San Esteban) du saio garrantzitsuena, bertan Berako dantzak dantzatzen dituztelarik:

• Bordondantza (goizean)
• Berako Makil- dantza (goizean)
• Berako aurreskua (arratsaldean)



Bordondantza: V forman ezarrita dantzatzen den dantza da. Bata besteari soken bidez lotuta daude eta soka hauek beti tente kontzen saiatu behar dute.
Mutilek bakarrik dantzatzen dute. Foruen plazan egiten da meza ondoren.





Makil- Dantza: 10 dantzaz osaturiko guda dantza edo makil jokoa da. Mutilek bakarrik dantzatzen dute. Foruen plazan egiten da.




LIZARRAKO IBAI EGA DANTZA TALDEA

1.980.eko maiatzaren 25a izan zen IBAI-EGA-ren ibilbidearen hasiera dantza talde bezala. Sortu zenetik, orain 30 urte, 400 pertsona baino gehiagok parte hartu du dantza taldearen historian. Aipamen berezia merezi du 80. hamarkada hasieran IBAI-EGAk sortutako “Demetrio Romano” Dantza Eskolak.


Sorreratik, Ibai-Ega Dantza Taldeak Lizarrako dantzen jarraipena izan du helburutzat, batez ere, Larrain dantzarena: bere koreografia eta musika babesteko, dantza zahar honek merezi duen errespetua zabaltzeko eta Lizarrako herritar ororen dantza izateko.

Horregatik, 2003. urtean, Lizarrako Gaitariekin batera, dantza unibertsal honen historia, interpretazioa eta koreografia biltzen dituen “Lizarrako Larraindantza. Hiru mende dantzan” ikus-entzunezko lana plazaratu zuen.

2010/05/24

CORTESKO DANTZARIAK


Cortesko paloteadoa irailaren 29an ospatzen da Mikel deunaren omenez. Goizeko prozesioaren ondoren, arratsaldez, herriko plazan paloteadoa egiten da, bertan dantzak eta antzezlan zatiak tartekatuz urteko herriko gora-behera guztiak taularatzen dira, beti Erriberako umore puntu fina bertso eta hitz guztien gatza eta piperra izanik. Taula gainean hamasei dantzariekin batera Mayorala, Rabadana, Deabrua eta Aingerua ditugu. Dantzariek tartekatzen dituzten dantzak bost dira: Cortesias, Pasacalles, Jota, Vals eta Trenzadoa (sinplea eta bikoitza). Cortesko paloteadoaren jaiotze data ziurtasun osoarekin jakiterik ez dagoen arren, XIX. mendean kokatzen dute eta 36ko matxinadaren ondorioz galtzear egon ondoren, egun, indartsu mantentzen da Cortesko gazteek egindako lanari esker. Jarraian 2005eko paloteadoan errezitatutako bersoetariko batzuk ikus ditzakezue: