2008/12/23
SANTO TOMAS
Kemenek eskainitako saioak ez zuen inor ezaxola utzi behintzat, kritikak ikuspegi askotarikoak izan ziren alajaina!
Batetik, Arizkungo sagar dantzan oinarrituz, 1928an Saski-Naski ikuskizunerako sorturiko Sagar dantza eta bestetik, ekainaren 24ean Andoaingo herriak burutu ohi duen Axeri-dantza jolastia.
Ikustear dago hurrengo urtean zer egingo dugun!
2008/12/14
ANDOAINGO AXERI DANTZA
Dantzan.com-etik harturiko argazkia
Aurtengo Sto. Tomasetako saioari begira aurreko ostiralean Andoaingo Axeri dantza prestatu ahal izateko bixita izan genuen Izaga kaleko gure lokal xaharrean. Fernandok, gaur egunean San Juanetan Andoaingo hainbat herritarrek aspaldidanik datorren ohitura mantenduz nola dantzatzen duten azalpen aberasgarriak eman zizkigun, gure aldetik, ahalik eta fidelen jarraitzen saiatu ginelarik.
Fernando dorrea zuzentzen
2008/12/04
URTEKO BALANTZEA
Gurea bezalako dantza talde batek hainbat lan eta konpromezu burutu ohi ditu urtean zehar eta zer hoberik eginiko lanaren adierazgarri diren irudiak ikustea baino. Irudi batek mila hitzek baino balio gehiago omen du, hona hemen adibide batzuk:
Irungo nahiz Hondarribiako txistularien alardeetan ere parte hartu genuen. Guretzat hain ohikoak ez diren dantzak burutzeko aukera ere izan genuelarik.
Sarvar, Hungaria
2008/11/11
IKERKETA LAN TALDEAREN IBILERAK
Asteburu honetan esaterako, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko "Ohidüra eta sorkuntza Zuberoan" jardunaldia burutu da Barkoxen eta bertara abiatu ginen hiru taldekide.
Xiberuko dantza eta folklorearen munduan esanguratsuak diren hainbat pertsonaren hitzak entzuteko aukera izan genuen bertan. Besteak beste, Jean Mixel Bedaxagarrek, Buhameak, bralia eta soinulariak izan zituen mintzagai, Nicole Lougarotek Buhameen berri eman zigun eta Patrick Queheillek probintzia txiki honetan azken urteetan sorturiko dantza eta ikuskizunen zerrendatzea burutu zuen.
Jean Mixel Bedaxagar
Bazkaldu ondorenean, Mixel Etxekoparren aurkezpenaz lagundurik, Etxebarre 007 izeneko filma ikusteko aukera izan genuen, Xiberuko herri txikienean antolatu eta buruturiko ikuskizun edo ikusgarriaren berri ematen zuena.
Euskal Herriaren eta euskal herritarron izaera bereziaz eta prefosta xiberutarren ele goxoaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen larunbatean.
2008/10/13
AMAIERA BIKAINA
Urtean zehar Kemenen 35. urteurrena ospatzeko buruturiko ekitaldiek izandako harrera izugarria izan da eta zer esanik ez larunbat honetan izandako bazkari eta ondorengo festa giroa. Badakigu, honelakoetan gertatu ohi den moduan, saiakera ugari eta ezberdinak egin arren, agian hainbat pertsona deialdiaren berri jakin gabe geratuko zirela, eta beste hainbatek arrazoi ezberdinak direla eta ezin etorri ahal izan zutela.
Hala eta guztiz ere 132 pertsona biltzea ez da marka txarra, ezta?
Gainera giroa zoragarria izan zen eta Imuntzo, Beloki eta Mattinekin ibilitako martxak argi utzi zuen dantzarako gogoa eta grina ez direla galdu gure artean.
2008/09/17
SAMINA TALDEAN
Taldearen lehenengo urteetatik dantzan arituriko Peio Urtxegi joan zaigu bat-batean. Askok gogoratuko duzue bere makila eskuetan eta beti ere irrifarra ahoan.
Guztiok hunkiturik gauden momentu hauetan, Kemeneko partaide garen eta izan garen guztion izenean besarkadarik beroena eskaini nahi diogu bereziki bere familiari, taldearen sorrera eta bilakaeran hainbeste lan egin duten guzti horiei hain zuzen ere.
2008/08/19
AGURRA SARVARDIK
Viva BOBO! Velem-en
Talde ezberdinekin harremanetan jartzeko aukerak aprobetsatzen saiatzen ari gara, bereziki Mariko Errepublikako eta Alsaziako kideekin hartueman berezia dugularik. Ezin esan daiteke herrialde guztien arteko harremanak berdinak direnik, noski, talde batzuen segurtasun indarrak gainditzea kosta egiten baita, Israelgo lagunena kasu.
Biharko dantza saioarekin jaialdiari amaiera eman eta itzulera bideari ekingo diogu, ia ez dugun arazorik izaten mugak igarotzerakoan!!!
2008/08/07
AGUR, AGUR, AGUR.......GOAZ
Nazioarteko jaialdi batek lan ugari ere eskatu ohi du, azken asteetako ensaio orduek argi adierazten duten moduan. Gainera, aurtengo jaialdia berezia izango da, izan ere Euskal Herriaren izena eta izana inolako oztoporik gabe aldarrikatzeko aukera emango baitigu, gure dantzak erakusteko aukera ugariiiii emateaz gain.
Jaialdiaren inguruko informazioa ikusi nahi duenarentzat hona hemen lotura bat: INFORMAZIOA
Irun-Sarvar map
Eginiko lanaren emaitzak jaso eta gure arteko hika-mikak ahalik eta txikienak izatea espero dugu.
Elkarren berri izango dugu, ahal izanez gero Hungariatik.
ALPARGATAK URRATUZ
ANIMO, JANTZI ZURE BASERRITAR JANTZIAK ETA DANTZARA!!!
2008/07/18
MILA ESKER ARTISTA
2008/07/13
ATZERA BEGIRA, PIRINEOTAN BARRENA
Izan ere, ekainaren 27an, ia bi orduko dantza saio txukun bat burutu genuela esateko lotsarik ez da izan behar. Noski, beti izaten dira hobetu daitezkeen alderdiak eta jendearen kritikei ere ez zaie entzungor egin behar, beti ere hemendik aurrera garatuz eta pixkanaka ernetuz joan ahal izateko.
Auritzeko ingurutxoa
Hilabete neketsu hau amaitu ondoren, atzera begiratu eta atseginez irrifar egiteko moduan gara, guztion lanak eta noski, baita taldean bizi dugun giroak ere, zergatik ez, aurrera jarraitzeko indarrak ematen baitizkigute.
Hemendik aurrerakoa ere garrantzitsua izango da, lehenik abuztuaren 5ean Ezpeletan, herri kirolak eta dantza tartekatuko dituen saio bereziaren ondoren, aspaldiko urteetan ez bezala Euskal Jiran gurdi eder bat atondu eta taldetik igarotako jendearen partehartzearekin egun eder bat igaroko dugu abuztuaren 9an. Geroago, Hungariako Sarvar herrian ospatuko den Nazioarteko dantza festibalean parte hartuko dugu.
Beranduago ere izango dugu hauen berri.
2008/06/24
ZIRRARA BEREZIA
33 bikotez osaturiko soka ederra ikus zitekeen plazaren inguruan eta beste hainbat taldekideren parte hartzearekin osaturiko fandango, arin-arin eta kalejira alaiarekin bat baino gehiagoren kirioak dantzan jartzea lortu zen atzo iluntzean.
Beste behin ere, dantzak, folkloreak eta gure herriko ohiturek adin eta izaera anitzeko jendea batzeko gai direla erakutsi zuten, soka dantzaren ondoren ateratako argazki, eginiko hitz aspertu eta nola ez afaritxoak garbi adierazten duten moduan.
Sentimendu eta emozio ugariz beteriko ilunabarra izan genuen, ez lotsak ez euriak zapuzterik izan ez zutena.
Eskerrak dantzatuaz, ikusiaz edo taldearentzat hain handia den egun honetan pentsatuaz lagundu zenuten guztioi.
2008/06/20
INOIZ IKUSIRIKO LUZEENA
Urteurren ekitaldien artean taldearen historian erro sakonak dituen San Juan bezperako soka dantza indartzeko asmoz, taldetik igarotako jendeari gonbidapena luzatu zaio. Deialdiak izandako arrakasta izugarriak Irunen orain arte ikusi ez bezalako soka-dantza ikusteko aukera emango digu. Ekainaren 23an 30 bikotetik gora izango ditugu gaueko 9etan San Juan plazan dantzatzeko prest.
Guztia prest dago belaunaldi ezberdinetako jendeak, tartean baita ama-alabak ere, ikuskizun hunkigarria eskaini ahal izateko. Ekitaldia borobiltzeko irundar guztion parte hartzea besterik ez da falta.
2008/06/09
HILABETE LANPETUA
Batetik, San Pedro eta San Martzial jaien egitarauaren barnean hainbat dantza saio eskaintzeko aukera izango dugu. Ekainaren 22an arratsaldeko 8retan hasiko den Txistularien alardearen barnean hainbat dantza eskainiz emango diegu hasiera jaiei, hurrengo egunean San Juan bezperako soka dantza eskainiko dugularik.
Urte asko dira Kemen soka dantza dantzatzen hasi zela eta nahiz eta hasieran egun eta leku ezberdinean burutu, azken urteetan ekainaren 23ko iluntzeko 9etan punttu-punttuan hasi ohi da San Juan enparantzan.
Momentu berezia da hau taldekide ororentzat, irundar ugari egoten baita zain dantzariak noiz aterako eta halako zirrara berezia sentitu ohi da jaien hasiera ofizial gisa hartzen dugun honetan.
Aurtengoan gainera, taldearen 35. urteurren ekitaldiak direla eta deialdi berezia egin nahi izan zaie taldetik igarotako guztiei soka dantzan parte hartzera anima daitezen. Parte hartzea handia izatea espero dugu, jadanik hainbat taldekidek izena eman baitute. Dantzatu ondoren guztiok batera mokadutso bat egiteko aukera ere izango dugu, aspaldiko lagunak ikusi eta askoren kasuan elkar ezagutzeko aukera bikaina izango delarik.
Ekaineko egitarauarekin jarraituz, Kemenek Irunen urtero eskaini ohi duen dantza saio berezia iritsiko da, ekainaren 27an. Saioa gaueko hamarretan hasiko da Santiagoko Euskal jai frontoian eta ikasturte honetan zehar landuriko dantzak taularatuko dira.
Ez dugu deskantsurako astirik izango eta hurrengo egunean bertan, Errenteriako Ereintza dantza taldearen urteurren ekitaldietan parte hartuko dugu.
Aurtengoan gainera, ezin izango ditugu saio luzearen ondorengo oporrak hartu, uztailaren 6an Hondarribiako txistularien alardean ere parte hartuko baitugu.
Garbi dago uztailaren erdialderarte ensaio eta prestakuntza lan handiak geratzen zaizkigula, baina urtean zehar eginiko lanaren fruituak jasotzen hasteko momentua ere badatorkigu. Trena abiatu zaigu eta bidean ahalik eta bidaiari gehien jasotzeko esperantzaz ia helmugara umoretsu eta sendo iristen garen guztiok.
2008/05/21
LIZARRARA TXANGOA
Egun honetan Puyko Andre Mariaren eguna ospatuko da, dantzariek lagundurik prozesioa burutuko dutelarik.
2008/05/19
HONDARRIBIA DANTZAN II Kronika
Igaro berri dugun asteburua bikaina izan da Kemen dantza taldeko kideontzako.
Aurtengoan Hondarribia Dantzan-en bigarren ekitaldia ospatu berri dugu eta eguraldia lagun, guztia primeran atera zela esan daiteke. Asteburuko ekintzei ostiralean J.I Ansorenak emandako hitzaldiarekin eman genien hasiera. Ansorena bezalako erreferentziazko pertsona bat Hondarribira ekartzeak duen garrantzia agerian geratu zen udaletxeko areto nagusiak izandako itxurarekin. Aulki hutsik ez eta jendea adi-adi eta askotan irrifarra ahoan izan zen ordu bete pasatxoan zehar.
Tradizioaren balioez jardun zuen Ansorenak, entzuleen artean gogoetarako eta eztabaidarako hainbat atal jorratuz.
Igandean berriz, Hondarribia Dantzan-en gainontzeko ekitaldiak burutu genituen. Goizean, Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorririko hiru dantza taldek Hondarribiko kaleak alaitu zituzten. Herrian zehar hainbat puntutan dantzatu ondoren, eguerdiko 12:30etan dantza saio nagusiari hasiera eman zitzaion S. Maria Madalena plazan.
Baigorriko Arrola dantza taldeko kide gazteek Behe-Nafarroan oso ezagunak diren hainbat dantza eskaini zizkiguten. Tartean makilariaren trebetasuna aipagarria izan zelarik.
Lantziegotik Sebastian Iradier y Salaverri dantza taldeko kideak etorri ziren. Hauek Arabar Errioxako hainbat makil joko eta jota dantzatu zizkiguten gaita soinu indartsuz lagundurik.
Iñudeak eta artzaiak Hondarribiako Portutik
Azkenik, Berako herritarren txanda izan zen. Alaitasun eta animoz gainezka Iñude eta Artzainen konpartsa eskaini zuten, goizeko ekitaldiei amaiera emanez.
Taldeetako partaide guztiok elkarrekin bazkaltzeko aukera paregabea izan genuen, bazkarian bertan ere musika, dantza eta kantak falta izan ez zirelarik.
Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Belokiren taldeak eskainiriko erromeria biziak, S. Maria Madalena plazara hurbilduriko jendea dantzan jarri zuen, asteburu bikainari amaiera ezinhobea emanik.
Kemen dantza taldeko kideok eginiko lan guztiaren ondoren nekaturik baina benetan pozik bukatu genuen, ekitaldiek izandako harrera eta jendearen partehartzea zirela eta. Pentsa daitekeen gisan, hurrengo urteko Hondarribia dantzanen prestaketari heltzeko gogoz eta ilusioz beterik gaude.
2008/05/16
JOSE IGNAZIO ANSORENA MINER
Donostian ospatu zen I. TXISTULARI BAKARREKO TXAPELKETA irabazi zuen 1979. urtean, baita zenbait konposizio lehiaketetan lehenengo sariak ere. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaritza, eta bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedra ere lortu zituen oposizioz eta talde honekin lehiaketa garrantzitsuenetara jo ondoren, denetan Lehenengo Saria irabazi zuten. Kontserbatorio honetako zuzendari ere izan da hainbat urtez. Txistuaren afinakuntzaren aldetik, teknikaren ikerkuntza eta pedagogiaren bidetik eman ditu ahaleginik handienak eta honen ondorioz Txistu Gozoa izeneko metodoa eman zuen argitara lau tomotan. Hauxe da gaur egun Akademia eta Kontserbatorio gehienetan erabiltzen den gida liburua. Errepertorioa zabaltzeko ere lan ugariak egin ditu eta gehienak Txistulari aldizkarian argitaratu dira. Zenbait urtez ere aldizkari horretako zuzendari aritu zen.
1982.ean Euskaltzaindiak deitutako Felipe Arrese-Beitia Poesia Lehiaketa irabazi zuen, Emeki Itxaropendutako Egunkaria liburuarekin. Musikologia aldetik ikerkuntza lan asko ditu eginak. Aipagarrienak: Euskal Kantak, Iztueta-Albéniz-en Musika Bilduma, eta Cancionero Popular Vasco.
Donostiako Txistulariekin batera bost disko ditu argitara emanak, euskal herri dantzak bilduz. Eta bakarlari gisan ere beste bost: Ansorenatarren danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, eta Gipuzkoako soinu zaharrak.
1982. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, bakarlari gisan hau ere, estreinatu zuen Concierto para Txistu y Orquesta, Tomás Aragüés-ek idatzia, Errenteriako Musikasten eta geroago beste hainbat aldiz ere eskaini. 2002.ean, Euskadiko Orkestrarekin batera jo du kontzertu berbera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Aukera hori baliatuz prestatu zen zuzeneko grabazioa ELKAR disketxeak argitara eman du. 2003.ean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin batera, eta Euskal Dantzarien Biltzarreak eskatuta, Gipuzkoako Dantzak izeneko dantza bilduma grabatu zuen. Eta 2004.ean, Joserra Senperena piano jotzailearekin batera, Ansorena-Senperena: Chillida lekutik, lan berritzailea.
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo hirukote ezagunenaren fundatzaile eta partaidea da. Hauekin Euskal Telebistarako hirurehun programa inguru burutu dituzte. Baita zazpirehundik gora saio publiko aurreko eta tankera guztietako argitalpenak ere: ipuinak, diskoak, bideoak, komikiak,... Show-man gisan, Xabier Otaegirekin batera Funtzioa izeneko programa sortu zuen, hiru kurtsuetan Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuena izan zen programa. Beste programetan ere zuzendari, gidoilari eta aktore lanak egin izan ditu: Balinda, Txiskola,... 1998-1999 kurtsuan Sikofonia saioa aurkeztu eta zuzendu zuen, eta bertan Euskal Herriko pertsona famatuenak elkarrizketatu. 1999-2001 urteetan, pailazo gisan, Barrebusa izeneko programan aritu zen bere lagunekin batera, 2001-2002etan, Altza, Porru! izenekoan eta azken hauetan Trikitraka Trikitron saioan.
Hogei urte baino gehiago dira beste arlo berezia lantzen hasi zela: Musikaren zabalkundea, modu askotan bideratua, baina batik bat Kontzertu Didaktikoen bitartez, antolatzaile edo aurkeztzaile gisan. Tankera guztietako talde musikalekin aritu da honetan: Orkestrak, Banda Sinfonikoak, Koruak, Ganbera Taldeak, Txistulari taldeak... Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean sarri aritu da esparru honetan, baina beste zenbait Orkestrarekin ere bai: Frankfurt, Tenerife, Galizia... Mario Venzago, Pedro Halffter, Víctor Pablo Pérez, Juan José Mena, Juan José Ocón, Kike Ugarte, eta beste hainbat zuzendarirekin batera lan egin du.
2001. urtean, Mirri eta biok, pailazo bizitzaren oroitzapenetan oinarritutako liburua, eta Gloria izeneko antzezlana ere argitara eman zituen. Azken hau José Luis Greco konpositoreak musikatu egin zuen eta 2003.ko maiatzan estreinatu Gasteizen eta Donostian. Azken argitalpena, Pailazoen esku liburua du, pailazo izateko esku liburua, 2003. urtean ELKAR etxearekin argitaratua.
Pailazotzari jarraitzen dio eta bere lagunekin batera Euskal Herria osoa korritzen du saio ugariak eta arrakasta handikoak eratuz.
Aurten, martxoan, haurrei eskainitako alderdi honetan, hasi zenetik hogeita bost urte bete ditu. 2002. urtean, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere Urrezko Domina eman zion, txistu eta danbolinaren alde egindako lanak eskertzeko.
HONDARRIBIA DANTZAN II
PROGRAMA
Maiatzak 16 ostirala:
Asteburua folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko genuke:
Hitzaldia Jose Ignazio Ansorenak, besteak beste Donostiako txistulari bandako zuzendariak, emango du.
Izenburua: Tradizioa: benetako balioak
Lekua: Hondarribiako udaletxeko areto nagusia.
Ordua: 20tan
Maiatzak 18 igandea:
· Goizeko 12:30tan: Dantza agerketa.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 12:30etan
Partehartzaileak:
Donibane Garaziko Arrola dantza taldea.
Lantziegoko Iradier y Salaberri dantza taldea.
Berako Gure Txokoa dantza taldea.
Baztango dantzariak.
Arrola dantza taldea Nafarroaren egunean
· Arratsaldean: Dantzaldia.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 18:00tan
Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Beloki musika taldeak dantzaldia burutuko luke, bertan taldeetako partaideekin batera herritarrak parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke.