Donostian ospatu zen I. TXISTULARI BAKARREKO TXAPELKETA irabazi zuen 1979. urtean, baita zenbait konposizio lehiaketetan lehenengo sariak ere. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaritza, eta bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedra ere lortu zituen oposizioz eta talde honekin lehiaketa garrantzitsuenetara jo ondoren, denetan Lehenengo Saria irabazi zuten. Kontserbatorio honetako zuzendari ere izan da hainbat urtez. Txistuaren afinakuntzaren aldetik, teknikaren ikerkuntza eta pedagogiaren bidetik eman ditu ahaleginik handienak eta honen ondorioz Txistu Gozoa izeneko metodoa eman zuen argitara lau tomotan. Hauxe da gaur egun Akademia eta Kontserbatorio gehienetan erabiltzen den gida liburua. Errepertorioa zabaltzeko ere lan ugariak egin ditu eta gehienak Txistulari aldizkarian argitaratu dira. Zenbait urtez ere aldizkari horretako zuzendari aritu zen.
1982.ean Euskaltzaindiak deitutako Felipe Arrese-Beitia Poesia Lehiaketa irabazi zuen, Emeki Itxaropendutako Egunkaria liburuarekin. Musikologia aldetik ikerkuntza lan asko ditu eginak. Aipagarrienak: Euskal Kantak, Iztueta-Albéniz-en Musika Bilduma, eta Cancionero Popular Vasco.
Donostiako Txistulariekin batera bost disko ditu argitara emanak, euskal herri dantzak bilduz. Eta bakarlari gisan ere beste bost: Ansorenatarren danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, eta Gipuzkoako soinu zaharrak.
1982. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, bakarlari gisan hau ere, estreinatu zuen Concierto para Txistu y Orquesta, Tomás Aragüés-ek idatzia, Errenteriako Musikasten eta geroago beste hainbat aldiz ere eskaini. 2002.ean, Euskadiko Orkestrarekin batera jo du kontzertu berbera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Aukera hori baliatuz prestatu zen zuzeneko grabazioa ELKAR disketxeak argitara eman du. 2003.ean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin batera, eta Euskal Dantzarien Biltzarreak eskatuta, Gipuzkoako Dantzak izeneko dantza bilduma grabatu zuen. Eta 2004.ean, Joserra Senperena piano jotzailearekin batera, Ansorena-Senperena: Chillida lekutik, lan berritzailea.
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo hirukote ezagunenaren fundatzaile eta partaidea da. Hauekin Euskal Telebistarako hirurehun programa inguru burutu dituzte. Baita zazpirehundik gora saio publiko aurreko eta tankera guztietako argitalpenak ere: ipuinak, diskoak, bideoak, komikiak,... Show-man gisan, Xabier Otaegirekin batera Funtzioa izeneko programa sortu zuen, hiru kurtsuetan Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuena izan zen programa. Beste programetan ere zuzendari, gidoilari eta aktore lanak egin izan ditu: Balinda, Txiskola,... 1998-1999 kurtsuan Sikofonia saioa aurkeztu eta zuzendu zuen, eta bertan Euskal Herriko pertsona famatuenak elkarrizketatu. 1999-2001 urteetan, pailazo gisan, Barrebusa izeneko programan aritu zen bere lagunekin batera, 2001-2002etan, Altza, Porru! izenekoan eta azken hauetan Trikitraka Trikitron saioan.
Hogei urte baino gehiago dira beste arlo berezia lantzen hasi zela: Musikaren zabalkundea, modu askotan bideratua, baina batik bat Kontzertu Didaktikoen bitartez, antolatzaile edo aurkeztzaile gisan. Tankera guztietako talde musikalekin aritu da honetan: Orkestrak, Banda Sinfonikoak, Koruak, Ganbera Taldeak, Txistulari taldeak... Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean sarri aritu da esparru honetan, baina beste zenbait Orkestrarekin ere bai: Frankfurt, Tenerife, Galizia... Mario Venzago, Pedro Halffter, Víctor Pablo Pérez, Juan José Mena, Juan José Ocón, Kike Ugarte, eta beste hainbat zuzendarirekin batera lan egin du.
2001. urtean, Mirri eta biok, pailazo bizitzaren oroitzapenetan oinarritutako liburua, eta Gloria izeneko antzezlana ere argitara eman zituen. Azken hau José Luis Greco konpositoreak musikatu egin zuen eta 2003.ko maiatzan estreinatu Gasteizen eta Donostian. Azken argitalpena, Pailazoen esku liburua du, pailazo izateko esku liburua, 2003. urtean ELKAR etxearekin argitaratua.
Pailazotzari jarraitzen dio eta bere lagunekin batera Euskal Herria osoa korritzen du saio ugariak eta arrakasta handikoak eratuz.
Aurten, martxoan, haurrei eskainitako alderdi honetan, hasi zenetik hogeita bost urte bete ditu. 2002. urtean, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere Urrezko Domina eman zion, txistu eta danbolinaren alde egindako lanak eskertzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina