2013/05/28

HONDARRIBIA DANTZAN VII KRONIKA TXIKIA

Asteburuko aterrunea aprobetsatuz ekintzaz-ekintza ibili gara eta eskerrak zukua atera diogun!!!
Astean zeharreko larrain-dantza ikastaroak gero eta oihartzun handiagoa du eta 40 parte-hartzaile inguru izan zituen aurtengoan. Ai ama, hori jendetza areto txiki horretan izerdi patxetan! Eskerrak irakasle animatuak izan dituzten.


Ostiralean berriz Jean Mixel Bedaxagarrekin Zuberoako maskaraden inguruko informazio eta gertakari ugariren berri jasotzeko aukera paregabea izan genuen. Aretoa lepo beterik eta emeki-emeki entzun ahal izan genituen eta ondo ikasi ere bai! (Branlean lurrean, ezta pentsatu ere, eh?). Txirula jotzen ere entzun ahal izan genuen, ONDO entzun ere!. Hori duk eta!

Hurrengo egunean Gamere-Zihigatik (eta inguruko hainbat herritatik) etorririko lagunak izan genituen, besteak beste herriko elkarte eta taberna ezberdinei esker, GOXOKI, TXANTXANGORRI, KLINK eta nola ez OLAGARRO, giro polita zabaldu zen herrian eta ez dakit benetan jabetzen garen zenbaterainoko garrantzia izan zuen egoerak (maskaradak Zuberoatik kanpo ikustea benetan zail izaten baita eta beraiekin batera dantzatzeko aukera izatea ez da askotan ematen). Komunikabideetan izaniko oihartzunak ere zerbait adierazi nahi du:


Kostata, baina egun ederra osatzea lortu zen bukatzeko erromeria animoso-animosoa osatuz. Ah, eta hori bai, ez dakigu ez ote diogun izena aldatu beharko asteburuari eta Hondarribia DANTZAN beharrean Hondarribia JAN-EDANEAN jarri beharko.


Aurtengo ekitaldiarekin amaitzeko eta borobiltzeko, igandean harrobiaren egun ofiziala ospatu ahal izan genuen. Urteurren ekitaldien barruan goizean dantzatzeko aukera izateaz gain, eguerdian lagunartean bazkaldu (zeinen ondo portatu ziren gure haur eta gaztetxoak) eta ondoren jolasteko parada ezinhobea izan baitzen.



GORA KEMENEKO LANGILE GUZTIAK ETA ANIMO, HURRENGOAN ZORTZIGARRENAREN BILA!!! (Hori bai, gero eta zailagoa da aurrekoa hobetzea, ideiak onartuko dira...).


LOTURA

LOTURA2

LOTURA3

LOTURA4

2013/05/24

JEAN MIXEL BEDAXAGAR


Urdiñarben jaioa, aita, osaba eta aitona dantzariak zituen dantzari familia batean hazi zen Jean Mixel Bedaxagar eta dantzan eman zituen lehen urratsak, maskaradetan parte hartuz. Ondoren, 18 urterekin heldu zion xirulari, eta 23 urterekin kantuari. Besteak beste Garat Arhan eta Pierre Bordazaharre “Etxahun Iruri” izan zituen maisu. Hainbat pastoraletan parte hartu du eta Agosti Xaho (1988) izenekoa berak idatzi zuen. 1976an kantatu zuen jende aurrean lehen aldiz. 1983an Xiberoa diskoa argitaratu zuen eta ondoren etorri ziren Otea lili denean (1995) eta Bedaxagar (1996). 2009an berriz Auñamendi izeneko lana grabatu zuen. Kantagintzak ezagutarazi du Bedaxagar, baina berak dioenez “Ni lehenik dantzaria naiz, txirula-jotzailea ondoren eta kantaria gero.“


2013/05/21

HONDARRIBIA DANTZAN VII


Leihotik begiratuta gezurra dirudien arren, maiatza iritsi zaigu eta maiatzarekin batera gure bailaran folklore dantzatua zabaltzeko asmoz antolatu ohi dugun Hondarribia Dantzan ere bai. Aurtengo ekitaldia euskal probintzia txikienari eskainiko diogu, Zuberoari hain zuzen ere. Egia esan, txikia bai, baina emankorra ere bada gure Xiberua; txirulari eta dantzari bikainak eman ditu eta urteroko pastoral eta maskaradak ederrak izan ohi dira.
Guzti honen zatitxo bat gurera ekarri asmoz ostiralean bertan, maiatzak 24, Jean Mixel Bedaxagar izango dugu gurekin udaletxeko areto nagusian arratsaldeko 19:30ean, maskaradei buruzko hitzaldi goxo bat entzuteko aukera eskainiz. Larunbatean berriz goizeko 12ak inguruan hasita herriko puntu ezberdinetan barrikadak ikusi ahal izango ditugu (sorpresaren bat tarteko gainera!) eta arratsaldez 16:30 aldean maskaradari hasiera emango zaio Sta. Maria Madalena plazan (eguraldia lagun bada behintzat). Inoiz bertara joateko aukerarik izan ez duenarentzat parada bikaina sustrai sakoneko euskal tradizio hau ezagutzeko.
Ondorengo irudietan maskaradaren nondik-norakoak modu xume eta argian azaltzen dizkigu gure lagun Johañek (barkatu bideoak egiten dituen saltotxoengatik, edizio arazoak izan ditugu eta ezin konpondu, baina gure ustez hitzak dira interesgarrienak).




Iluntzean berriz plazan bertan ohitura bihurtzen ari zaigun taldeko musikari eta lagunen erromeria izango dugu, 20:30etatik aurrera.Ziur gaurtik osteguna bitarte ikasteko aukera izango den larrain-dantza praktikan jartzeko proportzioa egongo dela.

Taldearen urteurren ekitaldien barruan aurtengo Hondarribia Dantzan-eko igandeari ere ikuttu berezia eman nahi izan diogu, gure harrobiaren egun izendatuz. Aurreko edizioetan bezala, goizeko 11:00tatik haur eta gaztetxoak herriko puntu ezberdinetan ikusi ahal izango ditugu, eguerdian Sta. Maria Madalena plazan dantzatuz bukatuko dutelarik. Baina aurtengoan ez dugu hemen amaituko, nahi duten haurrek gurekin bazkaltzeko aukera izango baitute eta ondoren hainbat joku eta dibertsio antolatu ditugu arratsalde alai bat lagun giroan igaro ahal izateko. Ziur egun zoragarria izango dela!!!



2013/05/20

DULTZAINAK NEGAR MALKOKO NOTAK ISURTZEN DITU

Goizeko zortzitan telefonoak jotzen duenean bi aukera daude, berri zoragarri bat jasotzear zaude (gutxienetan) edo eguna tristuraz josiko zaitun berria izango duzu. Gaurkoan bigarren hau (ohikoena) izan dugu, dultzaineroen artean beti hitz xamurrak jasotzen zituen Eugenio larunbatean joan zitzaigun, beretzako urteko ziterik gogokoena zen Biasteriko gaitero egunaren bezperan. Kemen dantza taldeko partaideen aldetik besarkada bero bat Eugenioren familiarentzako.


2013/05/18

KEMEN BAND

Entzulea gogoz uztea omen da saio berri bat ziurtatzeko modurik hoberena. Beraz, Kemen Band-en 2. saioaren zai geratuko gara!.

Polita izan zen atzokoa, Kabigorri jendez lepo, giro ederra eta mimoz eskainiriko saiotxoa. Osertzek ere txalo piloa egin zuen.

Urteurren ekitaldiek aurrera jarraitzen dute eta ez dugu deskantsurik. Hurrengo astean bertan Hondarribia Dantzan-en 7. ekitaldi zirraragarria izango dugu. Dabilen harriari goroldiorik ez.

MILA ESKER ARTISTAK!!!




2013/05/14

MUSIKARI KEMENTSUEN KONTZERTUTZARRA

Dantzak elkartzen gaitu guztiok eta zer litzateke dantza musikarik gabe?
Musikariek paper garrantzitsua betetzen dute dantza taldeotan eta aurtengo gure urteurren ekitaldietan txoko berezia egin diegu noski.  




 Azken asteetan saio hau mimo handiz lantzen ari direla badakigu, dantzarako hainbat piezaz gain bestelako oparitxoak ere joko dizkigute, hainbat sorpresa ere izango ditugularik, seguru!.
Beraz, animo eta hurbildu Kabigorrira, ziur une goxo bat igaroko dugula.

2013/05/12

HOGEITA ABAR URTE

Hainbat urte eta hainbat edizio Iparraldeko Ikastolen aldeko jaiak eta behingoz Kemenek ere bere aletxoa jarri du. Hareaz beteriko HoRdaNtza gune berrian tradizioz beteriko saio labur eta polita eskaini dugu (guk ez badugu hala sinisten eta harrotasunez, ez harrokeriaz, onartzen nork onartuko ba?). Istripu txikiren bat tarteko egun polita igaro ahal izateko aukera berri bat gaurkoa!!!