2009/05/26

AURTENGO IRTEERA LUDIKO-PEDAGOGIKOA

Azken bi urteetan abiaturiko ohiturari jarraiki, Euskal Herrian zeharreko dantzak taularatzeaz gain, berezko duten inguru eta giroan ikusi eta bizi ahal izateko aukera izango dugu aurtengoan ere.


Orain bi urte Biasterin eta iaz Lizarran izan ginen gisara, oraingoan Oñatiko Korpus dantzak ikustera joateko asmoa dugu. Ekainaren 14ean goizean goiz abiatu beharra izango dugu, baldin eta egun osoan zeharreko ekitaldiez gozatu nahi badugu behintzat.


Honelako egitasmoek helburu bikoitza dutela esan beharrik ez dago noski. Batetik, euskal dantza eta usarioen inguruko formazioa sakontzeko aukera ematen digute eta bestetik eguna giro ederrean elkarrekin igarotzeko aukera ere bai.


Urtero bezala ahalik eta jende gehienak izena eman dezan nahiko genuke, beraz, taldekide orori (egungo, zein alpargatak eskegitakoei) gonbidapena luzatu nahiko genioke. Ziur egun polita igaroko dugula!

2009/05/18

HONDARRIBIA DANTZAN III kronika

Hirugarren urtez ere lana ondo egin izanaren sentsazioz amaitu dugu, ezta hala?

Ostiraleko hitzaldiarekin emaniko hasiera sakona eta hausnarketarako benetan baliagarria izan zitzaigun, gainera beste behin ere udaletxeko areto nagusia betetzea lortu genuen eta hori zerbaiten adierazle bada noski!


Igandean berriz, dantzaz gozatzeko aukera izan genuen, ikusiz zein eginez!.
Egia esan ez da batere erraza izaten honelako ekitaldietarako dantza taldeak lotu ahal izatea eta azken ordurarte ez da jakiten zeintzurekin kontatu ahal izango dugun. Hala ere, aurtengoan, Legazpi zein Andoaingo dantza tradizioaz gozatu, bertako haurren dantza hastapenak ezagutu eta orohar dantzaren inguruan asteburu bikaina igarotzeko beste aukera bat izan dugu Hondarribian.

Taldeetako kideak eguna zein gustora igaro duten, zein ondo zaindu ditugun (menuak jasoriko goraipamenak batez ere)... esaten entzuteak, lanak merezi izan duela pentsatzera garamatza eta Kementxu guztiok aurrera jarrai dezagun animatuko gaituela pentsatzen dut.



Antolakuntza eta intendentzia lanetan ariturikook, parte hartzaile orori eskerrak eman nahi dizkiegu eta nola ez, hemendik aurrera ere Hondarribia Dantzan-en ekitaldi ugari bizi ahal izateko aukera izan dezagun espero dugu.

2009/05/13

IÑAKI ARREGI ARTANO


Andoainen jaio eta egun Donostian bizi da. Bere herriko dantza taldean hasi zen dantzan 1970ean eta ondoren Donostiako Goizaldi taldean jarraitu zuen, hainbat urtez Ignacio Gordejuela maisu izan zuelarik, bertan egindako azken lau urteetan zuzendari artistiko lanetan aritu zen.
1983an Pasaiako Euskadiko aurresku txapelketako irabazle izan zen.
1986. urteaz geroztik Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Argia taldearen dantza ikuskizunetan (Irradaka, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque eta Axeri Boda) dantza maisu, prestatzaile fisiko eta dantzari lanetan jardun du.
Honekin batera, Ikerfolkeko ekimenen artean, bai Euskal Herrian zein kanpoan dantzari loturik egiten diren ekintza ezberdin ugaritan, hala nola, ikastaro, aurkezpen, hitzaldi, ikerketa lan, dantza erritual eta protokoloen berreskuratze...etan ere parte hartu ohi du.
Euskal Herriko dantza tradizionalez gain, bere ezagutza eta prestakuntza, dantza garaikideek, klaketak, bikote dantzek eta beste herrialdeetako dantza tradizionalek (Ingalaterrako Morris dantzak, Errenazimentuko dantzak, Greziako dantzak, Eskoziako kontradantzak, Bulgariako dantzak, Probentzako dantza militarrak, eta abar) ere osatzen dute.
Gipuzkoako dantzetan gaur egun dagoen erreferente nagusienetakoa da, besteak beste "Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko-koreografikoa" osatze lanetan jardun zuelarik.
Eskainiko duen hitzaldiaren izenburua: "Tradizioa eta sorkuntza: Axeri-Boda, Argiaren azken lanaren haritik" da.
Hona hemen, EITBko Postdatan Argiako arduradunek, Iñaki Arregi tartean, AXERI BODAren inguruan emandako azalpenak.






Ia zer kontatzen digun ostiralean, belarriak erne eta burua zabal-zabal...

2009/05/06

BADATORKIGU HONDARRIBIA DANTZAN III

Hilabeteek ihes egiten digutela konturatzen gara urtetik urterako antolakuntza lanetan dihardugunean. Izan ere, datorren maiatzaren 15 eta 17ko asteburuan Hondarribia Dantzan-en 3. ekitaldia ospatuko dugu.
Aurrekoetan bezala, ostiral iluntzean hitzaldi batekin emango diogu hasiera asteburuari. Aurtengoan Iñaki Arregi etorriko zaigu, batzuk gogoan izango dituzue berarekin eginiko prestakuntza entsaioak! Tradiziotik abiatuz azken urteetan talde ezberdinek hartu duten bidea, sorkuntzena, jorratuko du (ia eztabaida pizteko behintzat balio duen).
Igandean berriz, goiz-goizetik talde ezberdinetako jendea bildu eta herrian zehar saiotxoak burutu ondoren, Santa Maria Madalenako dantza saioa 12:30tan hasiko da.
Arratsaldeko egitarauean aldaketa txiki bat egin behar izan dugu, erromeria Zumardira aldatu delarik.
Aurtengoan ere eguraldi ona lagun izatea eta jende ugari biltzea espero dugu. Honek guztiak noski aurretik ere taldekideen lana ezinbesteko egiten du, kartelak jartzerako orduan, taldeekin "gida" lanak egiterakoan, otorduak prestatzerakoan... Aurreko urteetan izandako harrera berbera izaten badu ordea, lanak denon artean banatu eta giro onean jarduteko aukera izango dugu!!!.