2012/12/30

GABONETAKO OHIKO HITZORDUAK

Lehenik ahotsak berotu eta etxez-etxe ohitura zaharrari eutsiz taldetxo polit bat bildu ginen gabon-eskean. Afaltzera joan aurretik, inauterietan egin ohi dugun moduan Olaberrian ibili ginen giro onean.

Ane Mirenek ateratako argazkiak testigu.

Larunbat honetan berriz urteroko zita garrantzitsu bat ospatu berri dugu, zahar eta gazteen arteko futbol partidua. Kolpaturen bat edo beste eta erresumin txikiren bat salbu irrifartsu amaitu zen hitzordua (beno, batzuk ikusi ahal izan genuen artean behintzat, izan ere ziur ordu txikitan bukatu zutela Donostia aldean).
        

Messi ere ez dute hain ondo zaintzen.

Lehia estua izan zen.

Baina guztiaren gainetik adiskidetasuna.


Ondoren noski, mahaiaren bueltan jarraitzeko.

Aukera polita izan ohi da honelakoetan ere dantzatik at elkartzeko (nahiz eta ez den aitzakia handirik behar).

2012/12/24

SAN TOMAS EGUN OPAROA

Hala izan genuen bai, eguraldiak nahikoa errespetatu gintuen eta batzuk goiz-goizetik hasi ziren lanean jo eta ke. Jendea iristen hasi zenerako dena prest zegoen txosnan eta egun osoan zehar gelditu gabe aritu ginen.



Txosnako lanari urteroko dantza saioak ere gehitu genizkion gainera, haur ugari aritu ziren arratsaldez eta pixkat helduxeagoak iluntzean. Bai, badakit zuetako asko izan zinetela han, opari mordoa banatu baikenituen.
Gustokoa izatea espero dugu eta ia 2013an zehar gurekin gogoratzen laguntzen dizuen.

2012/12/19

SAN TOMAS EGUNA

Aurreko batean aipatu bezala eta egutegiak hala adierazten digun moduan badator 2012ko San Tomas eguna ere.
Urtero gisan dantza saio ezberdinak eskainiko ditugu Urdanibia plazan. Batetik arratsaldeko 18:00tan Kemeneko harrobiko hainbat taldetako haur eta gaztetxoek dantzatuko dute eta gerora gaueko 21:00tan taldeko helduenak (edo adindunenak esan beharko nuke agian), arituko gara dantzan.
Azken urteetan ohitura bihurtu den legez, saioa LARRAIN DANTZA ZABAL batekin amaituko dugunez bertan egongo zareten guztioi deia luzatu nahi dizuegu gurekin batera neguan dantzan sar zaitezten.

Aurtengoan gainera berrikuntzak ere izango ditugu. Batetik, ekonomikoki bizi dugun garaia nolakoa den guztiok dakigu eta bereziki urteurrena dela eta izango ditugun gain gastuei aurre egiteko txosnan lanean arituko gara egun osoan zehar. Bestetik, aipaturiko urteurren ekintzen barruan gure kide eta lagun guztioi oparitxo bat egitea otu zaigu. Oparia jasotzeko txosnatik pasa eta taldekide presturen batek zuen izena hartu eta gustu handiz emango dizue. HAN ESPERO ZAITUZTEGU!!!


2012/12/16

URTE HASIERA BETEA

Dantza ikasturtea batzar orokorraren ondoren poliki-poliki hasi ohi dugu urtero, entseguei ekinez, gorputzak berriro martxan jarriz, baina aurtengoan ez dugu alperkeriatan ibiltzeko aukera handirik izan. Lehenik ikastolaren urteurrena eta ondoren euskararen nazioarteko egunaren ospakizuna, jo eta ke dantzan gabiltza batetik bestera.
Abenduaren 2an Uranzun haur eta helduok eskainiriko dantza saioak berotzeko aukera txiki bat behintzat eman zigun, kanpoan hotz, baina "eskenatokian" goxo-goxo.


                      

                      



Orain berriz San Tomas eguna dugu gainean eta urtero legez bertan ere plazara aterako gara. Arratsaldeko 6etan lehenik eta iluntzeko 9tan gero han izango gara guztion gozagarri. Ia eguraldi polita dugun eta denok han elkar ikus dezakegun gabonei hasiera bikaina emateko.
Gogoan izan hemendik aurrera ere hainbat ekitaldiren berri emango dugula eta uste baino lehenago SORPRESA ederrak izango ditugula guztiontzat.

2012/12/03

IRUNGO IKASTOLAK 50 URTE

Kemenek 40 bai, baina Irungo ikastolak, ondoren Txingudi ikastola izenaz ezagutzen dugunak 50 ospatzen ditu aurten.
Urteurren honen karietara hainbat ikasle ohi elkartu eta omenaldi xume bat egin nahi izan zieten hasierako urte gogor haietan lanean aritu ziren guraso eta irakasleei. Honelako egun batean ezin ba gu falta. Izan ere, "Kemen Txingudi ikastolako dantza taldea" gisa ezagutu eta bizi izan dugu urte luzetan eta gu ez ginateke garena izango, irungo errealitatea eraldatzeko lan eskerga egindako guzti horiei esker ez balitz.
Guk noski egiten dakigun moduan, dantzan, parte hartu nahi izan genuen omenaldian.



Irungo Ikastola 50 Urte - Kemen dantza taldea from bidemedia on Vimeo.