2013/12/31

URTE BAT IRUDITAN


2014a oparoagoa izan dadila.

2013/09/10

UDA AMAIERA?

Bai, badakit ofizialki hilaren 21ean emango diogula amaiera udari, baina gure zorte onarekin jarraituz badirudi atzo bapatean negua, edo udazkena behintzat bai, iritsi zitzaigula. Hala eta guztiz ere, saio txukun bat eskaintzeko aukera izan genuen eta Arma Plaza lepo bete zela esan ezin dugun arren jende ugari bildu zela behintzat bai esan dezakegu.


Iaz baino baldintza txukunagoekin, inguru zoragarrian ikasturteko azken saioa eskaini genuen. Saioro bezala argi-ilunak izan ziren arren, orokorrean gustura eta konfidantzaz dantzatzeak dakarren plazerraz amaitu dugula esan behar.




Entsegu-oporrak hartu ditugun arren, hurrengo zitak ugariak dira. Batetik, aste honetan zehar irekirik jarraitzen duen Soinak-dantzan erakusketaz gozatu ahal izango dugu (gogoratu urriaren 12ko urteurren bazkarirako txartelak bertan erosi behar direla!!!) eta irailaren 22an ohiko batzar orokorrean bilduko gara.


2013/08/27

SOINAK DANTZAN

Irailaren 2tik 15era Laboral Kutxako Colon ibilibideko aretoan SOINAK DANTZAN izeneko erakusketa izango duzue ikusgai. Bertan, taldearen 40 urtetako historiaren errepaso xumea egiteaz gain, hainbat jantzi ikusteko aukera izango da, modu berezi xamarrean gainera.
Zalantzarik ez izan berezia izango dela (prestaketa lanetan buru-belarri ari gara).

Bestetik, erakusketatik igarotzea ezinbesteko izango da urteurren ekitaldien amaiera izango den bazkari ederrean parte hartzeko tiketak erosteko (45 €tan). Hain zuzen urriaren 12an Iñigo Lavadon erromeriaz giroturiko bazkaria antolatu dugu eta bertarako esan bezala tiketak erakusketa mahaian bertan hartu ahal izango dira. 
Zuen inguruan taldekide izandako edonor bazenute jakinaren gainean jartzea eskertuko genizueke.

OSPATZEKO EZER ERE EZ, BAINA GOGORATZEKO BAI

Ezin esan 1813an Aldabe mendi inguruan emaniko guda ospatzeko modukoa denik noski, baina honelakoak gogoratzea beti da ezinbesteko.
Hala, aurreko larunbatean bertan izan ginen Ametsa Gaztekoek Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan antolaturiko saioan parte hartuz. Gustura aritu ginela esan behar, eguraldiak errespetatu gintuen eta alaitsu amaitu genuen. Han bildutako hainbatek esandakoaren arabera "polit" joan zen, beraz zer gehiago eska dezakegu?





2013/08/22

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Donostiako Musika Hamabostaldia 1939an hiriko ostalari eta merkatarien bultzadaz sortu zen, ondorioz Europako musika klasikoko jaialdi zaharrenetakoa dela esan dezakegu. Gaur egun, ikusleen babes handia du jaialdiak; opera, balleta, orkestra sinfoniko handiak, ganbera talde txikiak, organo erromantikoa, abesbatzak, musikagile garaikideak, bertako zein nazioarteko musikariak, haur ikuskizunak... guztiek osatzen dute jaialdia.
Hau guztia kontuan izanik ez da harritzeko Donostiako musika hamabostaldiaren inguruko berriak entzun eta entzun aritu izana urte luzez eta aurtengoan bertan parte hartzeko aukera izatea benetan ohoretzat hartu beharrean gaude. Ametsa gazteko kideek 1813an San Martzialen izaniko guduarekin loturiko saioa antolatzea pentsatu zutenean gurekin gogoratu izana harro sentitzeko modukoa ere bada, ezta?
Beraz, larunbat honetan arratsaldeko 7ak baino lehentseago bertan izango gara gure hanka altsatze eta murrixka bikainenak eskaintzeko asmoz. Bai, badakigu zoritxarrez jende gutxik izango duela ermitan sartzeko aukera, baina kanpoan eskainiko dugun gure saioaz gozatzea behintzat ez diogu inori ukatuko. 


2013/07/28

GURE MAISUAK

Zer litzateke oraina iraganik gabe?. Berrogei urtez lanean diharduen taldeak ezin ba aurrera egin noizbehinka atzera begiratu gabe. Berrogei urte, berrogei bizipen eta noski berrogei maisu. Guztiak izendatzea ezinezko litzatekeen arren, hauetako batzuen laguntzaz denak gogoan izan nahi ditugu, bai talde barnean dantza-maisu lanetan ariturikoak baita Euskal Herriko txoko ezberdinetan ezagutu eta lagundu izan gaituztenak ere. Mila esker guztioi gure ohiturekiko erakutsiriko begirune eta maitasunagatik!

Hauxe da "Gure maisuak" ikuskizunaren iruzkina eta egia esan aurreko ostiralean aukera berezia izan genuen ikusle guztien aurrean esker on hau adierazteko. Ezin esan emozio desberdinez beteriko saioa izan ez zenik, leku eta une berezia, hainbat historiko gurekin oholtzan, inoiz ahaztuko ez diren gertaeratxoak... denetik izan zuen. 




Aurtengo urteurren ospakizunekin jarraituz deskantsurik ez dugu eta hurrengo larunbatean Euskal Jiran aterako gara. Gurekin dantzan ibili nahi duen orori gonbidapena luzatzea besterik ez zaigu geratzen!!!!

2013/06/24

40 BAIETZ, NOSKI!

Taldearen 40. urteurren ospakizun paregabea atzokoa. 40 baietz! jarri genion izena ekimenari eta helburua erraz gainditu genuen. Guztira 96 taldekide bildu ginen, oraingoan bai lasai esan daitekeen, HISTORIKOA izan zen soka-dantzan.
Arropa eta bestelako arduradunentzat lan dezente suposatu zuen arren, merezi izan zuela iruditzen zait. Irudi ederra benetan San Juanen eskeini genuena eta askok apreziatuko zutela espero dut (beste behin ere beste batzuk azaldu ere egin ez ziren arren eta hainbatek "ahaztuko" duten arren). 
Askorentzat emozioz beteriko uneak izan ziren eta ezin esan herriari festa kolorerik eman ez genionik!!!




Mila, mila esker laguntzaile (beste behin ere inguruko dantza taldeen laguntza ezinbestekoa izan baikenuen) eta parte hartzaile guztiei.

Besarkada bat eta hurrenarte!


2013/05/28

HONDARRIBIA DANTZAN VII KRONIKA TXIKIA

Asteburuko aterrunea aprobetsatuz ekintzaz-ekintza ibili gara eta eskerrak zukua atera diogun!!!
Astean zeharreko larrain-dantza ikastaroak gero eta oihartzun handiagoa du eta 40 parte-hartzaile inguru izan zituen aurtengoan. Ai ama, hori jendetza areto txiki horretan izerdi patxetan! Eskerrak irakasle animatuak izan dituzten.


Ostiralean berriz Jean Mixel Bedaxagarrekin Zuberoako maskaraden inguruko informazio eta gertakari ugariren berri jasotzeko aukera paregabea izan genuen. Aretoa lepo beterik eta emeki-emeki entzun ahal izan genituen eta ondo ikasi ere bai! (Branlean lurrean, ezta pentsatu ere, eh?). Txirula jotzen ere entzun ahal izan genuen, ONDO entzun ere!. Hori duk eta!

Hurrengo egunean Gamere-Zihigatik (eta inguruko hainbat herritatik) etorririko lagunak izan genituen, besteak beste herriko elkarte eta taberna ezberdinei esker, GOXOKI, TXANTXANGORRI, KLINK eta nola ez OLAGARRO, giro polita zabaldu zen herrian eta ez dakit benetan jabetzen garen zenbaterainoko garrantzia izan zuen egoerak (maskaradak Zuberoatik kanpo ikustea benetan zail izaten baita eta beraiekin batera dantzatzeko aukera izatea ez da askotan ematen). Komunikabideetan izaniko oihartzunak ere zerbait adierazi nahi du:


Kostata, baina egun ederra osatzea lortu zen bukatzeko erromeria animoso-animosoa osatuz. Ah, eta hori bai, ez dakigu ez ote diogun izena aldatu beharko asteburuari eta Hondarribia DANTZAN beharrean Hondarribia JAN-EDANEAN jarri beharko.


Aurtengo ekitaldiarekin amaitzeko eta borobiltzeko, igandean harrobiaren egun ofiziala ospatu ahal izan genuen. Urteurren ekitaldien barruan goizean dantzatzeko aukera izateaz gain, eguerdian lagunartean bazkaldu (zeinen ondo portatu ziren gure haur eta gaztetxoak) eta ondoren jolasteko parada ezinhobea izan baitzen.



GORA KEMENEKO LANGILE GUZTIAK ETA ANIMO, HURRENGOAN ZORTZIGARRENAREN BILA!!! (Hori bai, gero eta zailagoa da aurrekoa hobetzea, ideiak onartuko dira...).


LOTURA

LOTURA2

LOTURA3

LOTURA4

2013/05/24

JEAN MIXEL BEDAXAGAR


Urdiñarben jaioa, aita, osaba eta aitona dantzariak zituen dantzari familia batean hazi zen Jean Mixel Bedaxagar eta dantzan eman zituen lehen urratsak, maskaradetan parte hartuz. Ondoren, 18 urterekin heldu zion xirulari, eta 23 urterekin kantuari. Besteak beste Garat Arhan eta Pierre Bordazaharre “Etxahun Iruri” izan zituen maisu. Hainbat pastoraletan parte hartu du eta Agosti Xaho (1988) izenekoa berak idatzi zuen. 1976an kantatu zuen jende aurrean lehen aldiz. 1983an Xiberoa diskoa argitaratu zuen eta ondoren etorri ziren Otea lili denean (1995) eta Bedaxagar (1996). 2009an berriz Auñamendi izeneko lana grabatu zuen. Kantagintzak ezagutarazi du Bedaxagar, baina berak dioenez “Ni lehenik dantzaria naiz, txirula-jotzailea ondoren eta kantaria gero.“


2013/05/21

HONDARRIBIA DANTZAN VII


Leihotik begiratuta gezurra dirudien arren, maiatza iritsi zaigu eta maiatzarekin batera gure bailaran folklore dantzatua zabaltzeko asmoz antolatu ohi dugun Hondarribia Dantzan ere bai. Aurtengo ekitaldia euskal probintzia txikienari eskainiko diogu, Zuberoari hain zuzen ere. Egia esan, txikia bai, baina emankorra ere bada gure Xiberua; txirulari eta dantzari bikainak eman ditu eta urteroko pastoral eta maskaradak ederrak izan ohi dira.
Guzti honen zatitxo bat gurera ekarri asmoz ostiralean bertan, maiatzak 24, Jean Mixel Bedaxagar izango dugu gurekin udaletxeko areto nagusian arratsaldeko 19:30ean, maskaradei buruzko hitzaldi goxo bat entzuteko aukera eskainiz. Larunbatean berriz goizeko 12ak inguruan hasita herriko puntu ezberdinetan barrikadak ikusi ahal izango ditugu (sorpresaren bat tarteko gainera!) eta arratsaldez 16:30 aldean maskaradari hasiera emango zaio Sta. Maria Madalena plazan (eguraldia lagun bada behintzat). Inoiz bertara joateko aukerarik izan ez duenarentzat parada bikaina sustrai sakoneko euskal tradizio hau ezagutzeko.
Ondorengo irudietan maskaradaren nondik-norakoak modu xume eta argian azaltzen dizkigu gure lagun Johañek (barkatu bideoak egiten dituen saltotxoengatik, edizio arazoak izan ditugu eta ezin konpondu, baina gure ustez hitzak dira interesgarrienak).




Iluntzean berriz plazan bertan ohitura bihurtzen ari zaigun taldeko musikari eta lagunen erromeria izango dugu, 20:30etatik aurrera.Ziur gaurtik osteguna bitarte ikasteko aukera izango den larrain-dantza praktikan jartzeko proportzioa egongo dela.

Taldearen urteurren ekitaldien barruan aurtengo Hondarribia Dantzan-eko igandeari ere ikuttu berezia eman nahi izan diogu, gure harrobiaren egun izendatuz. Aurreko edizioetan bezala, goizeko 11:00tatik haur eta gaztetxoak herriko puntu ezberdinetan ikusi ahal izango ditugu, eguerdian Sta. Maria Madalena plazan dantzatuz bukatuko dutelarik. Baina aurtengoan ez dugu hemen amaituko, nahi duten haurrek gurekin bazkaltzeko aukera izango baitute eta ondoren hainbat joku eta dibertsio antolatu ditugu arratsalde alai bat lagun giroan igaro ahal izateko. Ziur egun zoragarria izango dela!!!



2013/05/20

DULTZAINAK NEGAR MALKOKO NOTAK ISURTZEN DITU

Goizeko zortzitan telefonoak jotzen duenean bi aukera daude, berri zoragarri bat jasotzear zaude (gutxienetan) edo eguna tristuraz josiko zaitun berria izango duzu. Gaurkoan bigarren hau (ohikoena) izan dugu, dultzaineroen artean beti hitz xamurrak jasotzen zituen Eugenio larunbatean joan zitzaigun, beretzako urteko ziterik gogokoena zen Biasteriko gaitero egunaren bezperan. Kemen dantza taldeko partaideen aldetik besarkada bero bat Eugenioren familiarentzako.


2013/05/18

KEMEN BAND

Entzulea gogoz uztea omen da saio berri bat ziurtatzeko modurik hoberena. Beraz, Kemen Band-en 2. saioaren zai geratuko gara!.

Polita izan zen atzokoa, Kabigorri jendez lepo, giro ederra eta mimoz eskainiriko saiotxoa. Osertzek ere txalo piloa egin zuen.

Urteurren ekitaldiek aurrera jarraitzen dute eta ez dugu deskantsurik. Hurrengo astean bertan Hondarribia Dantzan-en 7. ekitaldi zirraragarria izango dugu. Dabilen harriari goroldiorik ez.

MILA ESKER ARTISTAK!!!




2013/05/14

MUSIKARI KEMENTSUEN KONTZERTUTZARRA

Dantzak elkartzen gaitu guztiok eta zer litzateke dantza musikarik gabe?
Musikariek paper garrantzitsua betetzen dute dantza taldeotan eta aurtengo gure urteurren ekitaldietan txoko berezia egin diegu noski.  




 Azken asteetan saio hau mimo handiz lantzen ari direla badakigu, dantzarako hainbat piezaz gain bestelako oparitxoak ere joko dizkigute, hainbat sorpresa ere izango ditugularik, seguru!.
Beraz, animo eta hurbildu Kabigorrira, ziur une goxo bat igaroko dugula.

2013/05/12

HOGEITA ABAR URTE

Hainbat urte eta hainbat edizio Iparraldeko Ikastolen aldeko jaiak eta behingoz Kemenek ere bere aletxoa jarri du. Hareaz beteriko HoRdaNtza gune berrian tradizioz beteriko saio labur eta polita eskaini dugu (guk ez badugu hala sinisten eta harrotasunez, ez harrokeriaz, onartzen nork onartuko ba?). Istripu txikiren bat tarteko egun polita igaro ahal izateko aukera berri bat gaurkoa!!!


2013/04/28

2013/04/22

GAITA, DULTZAINA ETA BESTELAKO TXIRIMIAK


Igandean 70 gaita jole bildu genituen taldearen 40. urteurren ospakizun ekitaldien barruan. Giro bikainean Irungo kaleak alaitu zituzten, jarraian Urdanibia plazan saio aberats eta anitza eskainiaz. Gaita joleak Irun, Hondarribia, Hendaia, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Donostia, Hernani, Andoain, Deba, Logroño, Alberite, Cervera eta Arnedotik etorriak ziren. Bertan, Euskal Herrian ezaguna dugun dultzainaz gain, xirularrua, bajoia eta familiako beste tresna batzuk ikusi eta entzun ahal izan ziren. Saioa amaitzeko guztiek batera Hernaniko Iñaki Egurenek Kemenen omenez sorturiko "Kemen" eta "Mosku" piezak jo zituzten, baita batzuk dantzatu ere.
Ondoren noski bazkari eder eta musikatu batekin eman zitzaion egunari jarraipena (oturuntza bikaina beste behin ere, dantzatu-dantzatu ez dakit nola egiten dugun, baina otordu lan-taldea behintzat, sasoiko dabil...).
Kemendik eskerrak eman nahiko genizkioke laguntzaile izan genituen guztiei (EKT eta Aldapa elkarteei besteak beste), entzuleei eta parte hartzaile orori. 



2013/04/18

GAITEROAK IRUNEN


Taldearen 40. urteurrena ospatzeko ekimenen barruan apirilaren 21ean Irunen  gaitero topaketa bat antolatu dugu.
Topaketak dantza taldeetan musika eta musikariek, kasu honetan, dultzaina hotsak eta dultzaineroak duten garrantzia aldarrikatu nahi du eta Irungo kaleetan dultzaina hotsak modu ozenago batean zabaldu. Parte hartzaileek goizeko 11etatik aurrera Urdanibia plazatik abiatuz gure hiriko hainbat kale zeharkatuko dituzte, 13:00 inguruan berriro ere plazara itzuli eta saio txiki bat eskainiaz.

Igandez dezibelioak eta umore ona behintzat ziurtaturik ditugu. Animatu eta parte hartu, dantzarako aukera ere izango dugu eta!

2013/04/17

AZE BIHARAMUNA...

Beno, beno, ikusten denez dantzarako eta beste gauza askotarako elkartzen gara taldean, eh?
Batzuk gainera dantza askorik egin gabe ere sagardotegira ederki batzen dira.

Bejondeizuela, segi elkarrekin ondo pasatzen!!!


2013/03/30

ARI, ARI, ARI....

Ez dut "urtero bezala" hasiera errepikakorra erabiliko, baina bi urtean behin bezala aurtengoan ere Kemeneko hainbat kidek euskararen festa handian parte hartu dute. Goizeko lautan gure lokal zaharraren ondoan genuen zita ezarria eta bertara hurbiltzen joan ginen taldekideak Euskal Herri guztia zeharkatu zuen Korrikara batzeko. Gehienek afaria luzatu zuten, inguruko tabernetan, eta oso animotsu lekukoa hartu behar genuen lekura bertaratu ziren (beroketa lan handirik ez zuten behar izan).  



Egoitz eta Lidia lekukoa eskuetan (utzi zieten bitartean)

2013/03/20

IRUDI ETA HOTSEN BIDETIK

Askotan entzun izan dugu bertsolaritza munduan, teknologiak aldaketa garrantzitsuak ekarri dituela bertsolaritza modernoaren atal garrantzitsu izateraino. Bada, dantza munduan ere berdintsu esan genezake. Noski dantza dezakegula soinu ekipo eta argi ederrik gabe, baina hainbat gune, areto eta formatotarako ezinbesteko bihurtu zaizkigun osagarriak dira.

Kemenen historiako urte luzeetan arlo honetan laguntzaile izan dugun Jose Luis gogoan izan nahiko genuke. Egunkaria ireki eta bere heriotzaren berri izan genuenean ezusteko handia hartu genuen. Ezin dugu ahaztu hainbat eta hainbatetan berarekin lan egin dugula eta askotan mesede ederrak egin dizkigula. Izan ere, beti egon izan da laguntzeko prest (grabazio desberdinetan, irudiak plazaratzeko orduan...).

Kemenkideon partetik gure samina adierazi, eskerrak luzatu eta familia eta lagunei doluminak iristarazi nahi genizkieke.

Mila esker denagatik!

2013/02/13

ESKER MILA GUZTIOI

Urtean zehar ekintza ugari burutzen ditugu bai, baina garbi dugu jende askoren laguntzarik gabe hauetako asko ezinezko izango liratekeela, hala nola asteburuan antolaturiko Euskal herri inauteria. Haur, guraso eta taldean burutzen dugun dantza ikastaroko partaideez gain, aurtengoan esker berezia luzatu nahi diegu zahagi dantza erraldoia gauzatzeko ezinbesteko izan ditugun xagiak utzi dizkiguten dantza taldeei.
MILA ESKER, Eraiki, Gure txokoa, Meakako Egoipar, Akelarre, Goizaldi, Murixka, Ereintza, Arkaitz eta Astigarragako dantza taldeari.


Dantza taldeon arteko harreman eta elkartrukeak besteak beste honelako emaitzak lortzeko aukera ematen digu.

2013/02/12

AZE ESKAPADA

Izan ere urte euritsu honetan hainbeste ekintza kalean burutu eta zaparrada handi batek harrapatu gabe ibiltzea zorte handia izatea da, ezta?
Larunbatean haur eta gaztetxo zein guraso ugarirekin kalez-kale ibili ginen besteak beste Goizuetako zahagi dantza dantzatuz. Giro ona nagusitu zen, nahiz eta badakigun hainbat kidek ez zuela parte hartzerik izan (gaisotasunek edota goizean zehar botatako eurijasek eraginda). Ziur hurrengo urtean ere beste aukera eder bat izango dugula.


Igandean berriz ohitura zaharrari jarraituz Olaberriako etxe eta baserrietan barrena puskak bildu genituen. Hamaiketako garaian euria hasi bazuen ere, gauzak azkar-azkar jasotzeko edo baten bat izutzeko besterik ez zen izan. Ondoren eta bereziki jasotako arrautza goxoei eta sukaldarien lanari esker bazkari bikaina egiteko aukera izan genuen.

GORA INAUTERIAK!!!

2013/02/03

HUNGARIATIK GATOZ

Eguraldi txarrari aurpegi ona jarriaz! Alaitasuna behintzat zabaldu dugu, ezta? Ah, hori bai, bide honi segituz batzuei benetan bizarra aterako zaie azkenean... Ikusi argazkietan

GURASOAK ERE DANTZARA

Beraien seme-alabek urte osoan zehar egiten dutena hain "sinplea" ez dela frogatzeko beste aukera bikain bat izan dute azken bi larunbatetan harrobiko haur eta gaztetxoen gurasoek. Guztiok batera ondo pasa eta gure dantzekiko zaletasuna zabaltzeko parada ezin hobea euskal herri inauterien prestakuntzak eman diguna. Orain hurrengo larunbaterako jantziak atondu eta animotsu-animotsu denak KALERA!

2013/01/30

EN IRUN... INAUTERIAK

Bai, badakit inauterien etorreraren berri kaldereroek emango digutela, baina ez nuen aukera pasatzen utzi nahi aurtengo gure deialdien berri eman gabe.
Izan ere, larunbat honetan bertan kaldereroen konpartsa 7ak aldean aterako da Alberto Angera plazatik eta ordu bat beranduago San Juanen urteroko Hungariar dantza martxosoa burutuko dugu.
Hurrengo asteburua berriz bete-bete datorkigu. Gehienok jakingo duzuen moduan aurten inauteri larunbatez Goizuetako zahagi dantza eginez aterako gara harrobiko haur eta gaztetxo guztiekin batera. Eta nola ez, gurekin parte hartu nahi duzuen guztiokin batera!
Igandean berriz puskak bilduko ditugu urte luzetako ohiturari eutsiz. Ia aurtengoan eguraldia lagun dugun.

Zer esango dizuegu ba? Guztiok gonbidaturik zaudete gurekin inauteriez gozatzera. Anima zaitezte eta animatu ingurukoak ere. Ez dago aitzakiarik, jantziak sinpleak dira, dantzak guztion artean egiteko modukoak eta umore onik ez da faltako.
Elkar ikusiko dugu!