2008/05/21

LIZARRARA TXANGOA


Aurreko ikasturtean hasiriko bideari jarraituz, Kemen dantza taldeak irteera "ludiko-pedagogikoa" antolatu du. Iaz Biasterin izan ginen eta aurtengoan Lizarrara joateko asmoa dugu maiatzaren 25ean, bertan dantzak ikusiz egun pasa ederra egiteko.
Egun honetan Puyko Andre Mariaren eguna ospatuko da, dantzariek lagundurik prozesioa burutuko dutelarik.

2008/05/19

HONDARRIBIA DANTZAN II Kronika


Igaro berri dugun asteburua bikaina izan da Kemen dantza taldeko kideontzako.

Aurtengoan Hondarribia Dantzan-en bigarren ekitaldia ospatu berri dugu eta eguraldia lagun, guztia primeran atera zela esan daiteke. Asteburuko ekintzei ostiralean J.I Ansorenak emandako hitzaldiarekin eman genien hasiera. Ansorena bezalako erreferentziazko pertsona bat Hondarribira ekartzeak duen garrantzia agerian geratu zen udaletxeko areto nagusiak izandako itxurarekin. Aulki hutsik ez eta jendea adi-adi eta askotan irrifarra ahoan izan zen ordu bete pasatxoan zehar.

Tradizioaren balioez jardun zuen Ansorenak, entzuleen artean gogoetarako eta eztabaidarako hainbat atal jorratuz.

Igandean berriz, Hondarribia Dantzan-en gainontzeko ekitaldiak burutu genituen. Goizean, Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorririko hiru dantza taldek Hondarribiko kaleak alaitu zituzten. Herrian zehar hainbat puntutan dantzatu ondoren, eguerdiko 12:30etan dantza saio nagusiari hasiera eman zitzaion S. Maria Madalena plazan.

Baigorriko Arrola dantza taldeko kide gazteek Behe-Nafarroan oso ezagunak diren hainbat dantza eskaini zizkiguten. Tartean makilariaren trebetasuna aipagarria izan zelarik.

Lantziegotik Sebastian Iradier y Salaverri dantza taldeko kideak etorri ziren. Hauek Arabar Errioxako hainbat makil joko eta jota dantzatu zizkiguten gaita soinu indartsuz lagundurik.



Iñudeak eta artzaiak Hondarribiako Portutik


Azkenik, Berako herritarren txanda izan zen. Alaitasun eta animoz gainezka Iñude eta Artzainen konpartsa eskaini zuten, goizeko ekitaldiei amaiera emanez.


Taldeetako partaide guztiok elkarrekin bazkaltzeko aukera paregabea izan genuen, bazkarian bertan ere musika, dantza eta kantak falta izan ez zirelarik.

Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Belokiren taldeak eskainiriko erromeria biziak, S. Maria Madalena plazara hurbilduriko jendea dantzan jarri zuen, asteburu bikainari amaiera ezinhobea emanik.


Kemen dantza taldeko kideok eginiko lan guztiaren ondoren nekaturik baina benetan pozik bukatu genuen, ekitaldiek izandako harrera eta jendearen partehartzea zirela eta. Pentsa daitekeen gisan, hurrengo urteko Hondarribia dantzanen prestaketari heltzeko gogoz eta ilusioz beterik gaude.

2008/05/16

JOSE IGNAZIO ANSORENA MINER

Donostian jaio zen 1953.ean aspalditik Euskal Musika­ren­ganako zaletasun handia zuen familia batean. Isidro Ansorena, txistu­larien Maisu ospetsua aitona eta aitaponteko izan zuen eta bera­rekin burutu zituen txistu-danbolin ikasketak Donostiako Kontserbato­rioan bestelako musi­ka arloekin batera. Filosofia eta Letre­tako Lizentziatura lortu zuen Deustuko Unibertsitateko EUTG donostiar ikastetxean, Filologia Erromanikoaren arloan. Bederatzi urtez gazteen irakasle izan zen Hizkuntza, Literatura eta Drama­tizazio arloetan Donostiako Manuel de Larramendi ikastetxean.

Donostian ospatu zen I. TXISTULARI BAKARREKO TXAPELKETA irabazi zuen 1979. urtean, baita zenbait konposizio lehiaketetan lehenengo sariak ere. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaritza, eta bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedra ere lortu zituen oposizioz eta talde honekin lehiaketa garrantzitsuenetara jo ondoren, denetan Lehenengo Saria irabazi zuten. Kontserbatorio honetako zuzendari ere izan da hainbat urtez. Txistuaren afina­kuntzaren aldetik, teknikaren ikerkuntza eta pedagogiaren bidetik eman ditu ahaleginik handienak eta honen ondorioz Txistu Gozoa izeneko metodoa eman zuen argitara lau tomotan. Hauxe da gaur egun Akademia eta Kontserbatorio gehienetan erabiltzen den gida liburua. Errepertorioa zabaltzeko ere lan ugariak egin ditu eta gehienak Txistulari aldizkarian argitaratu dira. Zenbait urtez ere aldizkari horretako zuzendari aritu zen.

1982.ean Euskaltzaindiak deitutako Felipe Arrese-Beitia Poesia Lehiaketa irabazi zuen, Emeki Itxaropendutako Egunkaria liburuarekin. Musikologia aldetik ikerkuntza lan asko ditu eginak. Aipagarrienak: Eus­kal Kantak, Iztueta-Albéniz-en Musika Bilduma, eta Cancionero Popular Vasco.

Donostiako Txistulariekin batera bost disko ditu argitara emanak, euskal herri dantzak bilduz. Eta bakarlari gisan ere beste bost: Ansorenatarren danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, eta Gipuzkoako soinu zaharrak.

1982. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, bakarlari gisan hau ere, estreinatu zuen Concierto para Txistu y Orquesta, Tomás Aragüés-ek idatzia, Errenteriako Musikasten eta geroago beste hainbat aldiz ere eskaini. 2002.ean, Euskadiko Orkestrarekin batera jo du kontzertu berbera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Aukera hori baliatuz prestatu zen zuzeneko grabazioa ELKAR disketxeak argitara eman du. 2003.ean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin batera, eta Euskal Dantzarien Biltzarreak eskatuta, Gipuzkoako Dantzak izeneko dantza bilduma grabatu zuen. Eta 2004.ean, Joserra Senperena piano jotzailearekin batera, Ansorena-Senperena: Chillida lekutik, lan berritzailea.

Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo hirukote ezagu­nena­ren fundatzai­le eta partai­dea da. Hauekin Euskal Tele­bistarako hirurehun programa inguru burutu di­tuzte. Baita zazpirehundik gora saio publiko aurreko eta tankera guztietako argi­talpenak ere: ipuinak, diskoak, bideoak, komikiak,... Show-man gisan, Xabier Otaegirekin batera Funtzioa izeneko pro­grama sortu zuen, hiru kurtsuetan Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuena izan zen programa. Beste programetan ere zuzenda­ri, gidoilari eta akto­re lanak egin izan ditu: Balinda, Txiskola,... 1998-1999 kurtsuan Sikofonia saioa aurkeztu eta zuzendu zuen, eta bertan Euskal Herriko pertsona famatuenak elkarrizketatu. 1999-2001 urteetan, pailazo gisan, Barrebusa izeneko programan aritu zen bere lagunekin batera, 2001-2002etan, Altza, Porru! izenekoan eta azken hauetan Trikitraka Trikitron saioan.

Hogei urte baino gehiago dira beste arlo berezia lantzen hasi zela: Musikaren zabalkundea, modu askotan bideratua, baina batik bat Kontzertu Didaktikoen bitartez, antolatzaile edo aurkeztzaile gisan. Tankera guztietako talde musikalekin aritu da honetan: Orkestrak, Banda Sinfonikoak, Koruak, Ganbera Taldeak, Txistulari taldeak... Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean sarri aritu da esparru honetan, baina beste zenbait Orkestrarekin ere bai: Frankfurt, Tenerife, Galizia... Mario Venzago, Pedro Halffter, Víctor Pablo Pérez, Juan José Mena, Juan José Ocón, Kike Ugarte, eta beste hainbat zuzendarirekin batera lan egin du.

2001. urtean, Mirri eta biok, pailazo bizitzaren oroitzapenetan oinarritutako liburua, eta Gloria izeneko antzezlana ere argitara eman zituen. Azken hau José Luis Greco konpositoreak musikatu egin zuen eta 2003.ko maiatzan estreinatu Gasteizen eta Donostian. Azken argitalpena, Pailazoen esku liburua du, pailazo izateko esku liburua, 2003. urtean ELKAR etxearekin argitaratua.



Pailazotzari jarraitzen dio eta bere lagunekin batera Euskal Herria osoa korritzen du saio uga­riak eta arrakasta handikoak eratuz.




Aurten, martxoan, haurrei eskainitako alderdi honetan, hasi zenetik hogei­ta bost urte bete ditu. 2002. urtean, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere Urrezko Domina eman zion, txistu eta danbolinaren alde egindako lanak eskertzeko.

HONDARRIBIA DANTZAN II

Hondarribia dantzan, dantzaren eta orohar folklorearen inguruko festa dugu, bertan hezkuntza ikuspegia zein alde ludikoa barneraturik daudelarik. Kemen dantza taldearen helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik, Hondarribia dantzan ere ildo horren barnean kokatzen dugu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada.

PROGRAMA

Maiatzak 16 ostirala:
Asteburua folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko genuke:
Hitzaldia Jose Ignazio Ansorenak, besteak beste Donostiako txistulari bandako zuzendariak, emango du.
Izenburua: Tradizioa: benetako balioak
Lekua: Hondarribiako udaletxeko areto nagusia.
Ordua: 20tan

Maiatzak 18 igandea:

· Goizeko 12:30tan: Dantza agerketa.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 12:30etan
Partehartzaileak:
Donibane Garaziko Arrola dantza taldea.
Lantziegoko Iradier y Salaberri dantza taldea.
Berako Gure Txokoa dantza taldea.
Baztango dantzariak.


Arrola dantza taldea Nafarroaren egunean


· Arratsaldean: Dantzaldia.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 18:00tan
Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Beloki musika taldeak dantzaldia burutuko luke, bertan taldeetako partaideekin batera herritarrak parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke.