2008/12/23

SANTO TOMAS

Gabonak gainean ditugun honetan urteroko gure zitari ez diogu hutsik egin eta aurtengoan ere umoretsu plazaratu gara Santo Tomas egunez.

Kemenek eskainitako saioak ez zuen inor ezaxola utzi behintzat, kritikak ikuspegi askotarikoak izan ziren alajaina!




Batetik, Arizkungo sagar dantzan oinarrituz, 1928an Saski-Naski ikuskizunerako sorturiko Sagar dantza eta bestetik, ekainaren 24ean Andoaingo herriak burutu ohi duen Axeri-dantza jolastia.

Ikustear dago hurrengo urtean zer egingo dugun!

2008/12/14

ANDOAINGO AXERI DANTZA


Dantzan.com-etik harturiko argazkia

Aurtengo Sto. Tomasetako saioari begira aurreko ostiralean Andoaingo Axeri dantza prestatu ahal izateko bixita izan genuen Izaga kaleko gure lokal xaharrean. Fernandok, gaur egunean San Juanetan Andoaingo hainbat herritarrek aspaldidanik datorren ohitura mantenduz nola dantzatzen duten azalpen aberasgarriak eman zizkigun, gure aldetik, ahalik eta fidelen jarraitzen saiatu ginelarik.

Fernando dorrea zuzentzen

Espero dezagun hurrengo igandean guztia primeran ateratzea eta dantzari zein ikusleek gozatzeko aukera izatea.

Gure aldetik eskerrik beroenak Andoaingo jendeari eta hartuemanak jarraipena izango duelakoan gaude.

2008/12/04

URTEKO BALANTZEA

Ikasturteka urtea antolatzen dugunontzat, urria-azaroa bitartea izaten da aurreko urtearen balantzea egin eta berriari atea irekitzen hasteko unea. Kemenek urteko batzar orokorrarekin eman ohi die amaiera ikasturteei, hain zuzen ere azaroaren 1ean eginiko batzarra izan zen 2007-08 ikasturtearen baloraketa egin eta 08-09 ikasturterako planak egiten hasteko erabiliriko abagunea.
Gurea bezalako dantza talde batek hainbat lan eta konpromezu burutu ohi ditu urtean zehar eta zer hoberik eginiko lanaren adierazgarri diren irudiak ikustea baino. Irudi batek mila hitzek baino balio gehiago omen du, hona hemen adibide batzuk:


Azken urteetako ohiturari jarraituz Irungo Atsegiñak
antolatu ohi duen kauteren konpartsan parte hartu genuen.



33 bikote eta beste hainbat lagun elkartu gintuen ekitaldi hunkigarria San Juan bezperako aurtengo soka dantzan.


San Martzialetako dantza saioan Pirineotan barrena ibilaldia burutu genuen.


Irungo nahiz Hondarribiako txistularien alardeetan ere parte hartu genuen. Guretzat hain ohikoak ez diren dantzak burutzeko aukera ere izan genuelarik.


Atzerrian ere gure hazia ereiten saiatu gara.
Sarvar, Hungaria

Esan bezala, hauek adibide xumeak besterik ez dira, entsaioz-entsaioko lanaren fruitu ale txiki besterik ez, aldi berean ordea, guztion ahaleginek bere uzta oparoa dakartela adierazten diguten ereduak ere badira.

2008/11/11

IKERKETA LAN TALDEAREN IBILERAK


Bai, bai, askorentzat harritzekoa izan arren, orain ikasturte batzuk taldean ikerketa lan talde bat abian jartzea erabaki genuen. Egia da bai, lan talde askok bezala, funtzionamendu nahiko gorabeheratsua izan duela eta ezin esan daiteke indar handia duenik gaur egunean, baina tarteka lan apur bat egiten du.
Asteburu honetan esaterako, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko "Ohidüra eta sorkuntza Zuberoan" jardunaldia burutu da Barkoxen eta bertara abiatu ginen hiru taldekide.
Xiberuko dantza eta folklorearen munduan esanguratsuak diren hainbat pertsonaren hitzak entzuteko aukera izan genuen bertan. Besteak beste, Jean Mixel Bedaxagarrek, Buhameak, bralia eta soinulariak izan zituen mintzagai, Nicole Lougarotek Buhameen berri eman zigun eta Patrick Queheillek probintzia txiki honetan azken urteetan sorturiko dantza eta ikuskizunen zerrendatzea burutu zuen.

Jean Mixel Bedaxagar



Bazkaldu ondorenean, Mixel Etxekoparren aurkezpenaz lagundurik, Etxebarre 007 izeneko filma ikusteko aukera izan genuen, Xiberuko herri txikienean antolatu eta buruturiko ikuskizun edo ikusgarriaren berri ematen zuena.
Euskal Herriaren eta euskal herritarron izaera bereziaz eta prefosta xiberutarren ele goxoaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen larunbatean.

2008/10/13

AMAIERA BIKAINA

Bai, halaxe izan zen!
Urtean zehar Kemenen 35. urteurrena ospatzeko buruturiko ekitaldiek izandako harrera izugarria izan da eta zer esanik ez larunbat honetan izandako bazkari eta ondorengo festa giroa. Badakigu, honelakoetan gertatu ohi den moduan, saiakera ugari eta ezberdinak egin arren, agian hainbat pertsona deialdiaren berri jakin gabe geratuko zirela, eta beste hainbatek arrazoi ezberdinak direla eta ezin etorri ahal izan zutela.
Hala eta guztiz ere 132 pertsona biltzea ez da marka txarra, ezta?





Gainera giroa zoragarria izan zen eta Imuntzo, Beloki eta Mattinekin ibilitako martxak argi utzi zuen dantzarako gogoa eta grina ez direla galdu gure artean.
Eskerrik asko guztioi honelako egun eder bat igarotzeko aukera ematearren. Hurrengo urteurren ekitaldietan ere parte hartzeko irrikaz geratu garela iruditzen zaidanez, animo gaztedia zuen esku geratuko baitira antolaketa lanak!!!

2008/09/17

SAMINA TALDEAN

Gehienok jakingo duzuen moduan ezusteko latza izan genuen atzokoan. Oraindik ere, erreakzionatu ezinik gaude eta zer gertatu den ezin ulerturik.
Taldearen lehenengo urteetatik dantzan arituriko Peio Urtxegi joan zaigu bat-batean. Askok gogoratuko duzue bere makila eskuetan eta beti ere irrifarra ahoan.

Azkenengo hilabeteetan ere taldearekiko bere loturak indarrean jarraitzen zuen, hain zuzen ere aurtengo San Juan bezperako soka dantzan parte hartzera animatu zen eta urteurreneko ospakizunetan laguntzen ere ari zitzaigun, hain gustoko zuen argazkilaritza dantzarekin uztartuz.

Guztiok hunkiturik gauden momentu hauetan, Kemeneko partaide garen eta izan garen guztion izenean besarkadarik beroena eskaini nahi diogu bereziki bere familiari, taldearen sorrera eta bilakaeran hainbeste lan egin duten guzti horiei hain zuzen ere.



2008/08/19

AGURRA SARVARDIK


Azkenean, pixka bat kosta zaigu Internet-erako sarbidea aurkitzea, baina lortu dugu!.

Ezin esan gaizki gabiltzanik, ez horixe, momentu hauetan bertan taldekide gehienak uretan, pol-pol ari dira (ur berotik, hotzera eta alderantziz). Aurrez pentsa zitekeen bezala esperientzia ederra suertatzen ari da, lehenengo bi egunetan dantza dexente egin genuen arren, azken bi egunak lasaiagoak izan dira, hori bai tarteko festak kontuan hartu gabe.

Viva BOBO! Velem-en



Talde ezberdinekin harremanetan jartzeko aukerak aprobetsatzen saiatzen ari gara, bereziki Mariko Errepublikako eta Alsaziako kideekin hartueman berezia dugularik. Ezin esan daiteke herrialde guztien arteko harremanak berdinak direnik, noski, talde batzuen segurtasun indarrak gainditzea kosta egiten baita, Israelgo lagunena kasu.



Biharko dantza saioarekin jaialdiari amaiera eman eta itzulera bideari ekingo diogu, ia ez dugun arazorik izaten mugak igarotzerakoan!!!

2008/08/07

AGUR, AGUR, AGUR.......GOAZ

Hurrengo asteartean goizean goiz abiatzekoak gara Hungaria aldera. Azken asteetan urduritasun berezia soma daiteke, batez ere taldekide batzuengan. Izan ere, askorentzat nazioarteko dantza jaialdi batean parte hartuko duten lehen aldia izango da. Honelako esperientzia batek aukera ugari eman ohi ditu, herrialde berriak ezagutzeaz gain jendearekin harremanak indartuz.
Nazioarteko jaialdi batek lan ugari ere eskatu ohi du, azken asteetako ensaio orduek argi adierazten duten moduan. Gainera, aurtengo jaialdia berezia izango da, izan ere Euskal Herriaren izena eta izana inolako oztoporik gabe aldarrikatzeko aukera emango baitigu, gure dantzak erakusteko aukera ugariiiii emateaz gain.
Jaialdiaren inguruko informazioa ikusi nahi duenarentzat hona hemen lotura bat: INFORMAZIOA



Irun-Sarvar map


Eginiko lanaren emaitzak jaso eta gure arteko hika-mikak ahalik eta txikienak izatea espero dugu.
Elkarren berri izango dugu, ahal izanez gero Hungariatik.

ALPARGATAK URRATUZ

Azken asteetako lanaren ondoren, hurbiltzen ari zaigu aurtengo Irungo Euskal Jira eguna ere. Gehienok jakingo duzuen moduan, 35 .urteurren ospakizunen barnean gurdia atontzea erabaki genuen, lanak amaitzear ditugularik. Hala ere, eginiko saiakerek ez dute fruiturik emango guztion parte hartzerik gabe. Beraz, animatu eta nahi duzuen guztiok etor zaitezte Kemenek aterako duen gurdi orijinalaren inguruan dantzan. Haur, gaztetxo eta gazte guztiok gonbidaturik zaudete, gurekin arratsaldeko 4:30etan Pasaka tabernaren parean hasiko dugun kale bueltan parte hartuz Letxunborroraino iritsi eta bertatik itzulerako bidea egitera!. Ordu honetan azaldu ezin duenak, Letxunborron bertan gurekin elkartzeko aukera ere badu, arratsaldeko 5:45etan.
ANIMO, JANTZI ZURE BASERRITAR JANTZIAK ETA DANTZARA!!!

2008/07/18

MILA ESKER ARTISTA


Urtean zehar hainbat pertsonaren laguntza jasotzen du Kemenek. Baina gaurkoan bereziki azpimarratu nahiko genuke bi taldekideren aita egiten ari den lana. Guztiok ikusi ahal izan ditugun argazki sorta ederrak egiten dizkigu eta baita sarean jarri ere. Gure argazkilari ofizial izendatu eta soldatatxoren bat jarri beharko diogun pentsatzen hasiak gara!.
Mila esker Talo eta segi aurrera zure afizioarekin, benetan argazki politak egiten baitituzu.
Beheko argazkietan klikatuz zuzenean sartuko zara gure artistaren albunetan.


Ekainaren 22an
Irungo txistularien alardea



Ekainaren 23an
Soka dantza



Ekainaren 27an
San Martzialetako saioa





Uztailaren 6
Hondarribiko txistularien
alardea












2008/07/13

ATZERA BEGIRA, PIRINEOTAN BARRENA


Azken urteetako ohitura izan da Kemenen ikasturtean zeharreko lana batez ere San Martzialetan eskaini beharreko saiora bideratua izatea. Aurtengoan ere honela izan dela esan dezakegu. Azaroan hasi eta ekainera bitarteko ensaioak Pirineotan Barrena ikuskizuna osatzeko izan dira batez ere. Saioaren bizkarrezurra eratzen joan garen hilabete hauetako lanak bere fruituak eman dituela esan dezakegu.

Izan ere, ekainaren 27an, ia bi orduko dantza saio txukun bat burutu genuela esateko lotsarik ez da izan behar. Noski, beti izaten dira hobetu daitezkeen alderdiak eta jendearen kritikei ere ez zaie entzungor egin behar, beti ere hemendik aurrera garatuz eta pixkanaka ernetuz joan ahal izateko.

Auritzeko ingurutxoa

Hilabete neketsu hau amaitu ondoren, atzera begiratu eta atseginez irrifar egiteko moduan gara, guztion lanak eta noski, baita taldean bizi dugun giroak ere, zergatik ez, aurrera jarraitzeko indarrak ematen baitizkigute.


Hemendik aurrerakoa ere garrantzitsua izango da, lehenik abuztuaren 5ean Ezpeletan, herri kirolak eta dantza tartekatuko dituen saio bereziaren ondoren, aspaldiko urteetan ez bezala Euskal Jiran gurdi eder bat atondu eta taldetik igarotako jendearen partehartzearekin egun eder bat igaroko dugu abuztuaren 9an. Geroago, Hungariako Sarvar herrian ospatuko den Nazioarteko dantza festibalean parte hartuko dugu.

Beranduago ere izango dugu hauen berri.

2008/06/24

ZIRRARA BEREZIA

2008ko San Juan bezpera Kemenen urrezko orrietara igaro da zuzenean. Aurreskularia plazaren aurrekalderaino iritsi zenean hainbat taldekide arkupe azpian zeuden oraindik beraien unea noiz iritsiko zain. Izan ere taldearen 35 urteetan zehar dantzari izandako hainbat eta hainbat elkartu ginen sokan urteurrena ospatzeko asmoz.



33 bikotez osaturiko soka ederra ikus zitekeen plazaren inguruan eta beste hainbat taldekideren parte hartzearekin osaturiko fandango, arin-arin eta kalejira alaiarekin bat baino gehiagoren kirioak dantzan jartzea lortu zen atzo iluntzean.
Beste behin ere, dantzak, folkloreak eta gure herriko ohiturek adin eta izaera anitzeko jendea batzeko gai direla erakutsi zuten, soka dantzaren ondoren ateratako argazki, eginiko hitz aspertu eta nola ez afaritxoak garbi adierazten duten moduan.
Sentimendu eta emozio ugariz beteriko ilunabarra izan genuen, ez lotsak ez euriak zapuzterik izan ez zutena.
Eskerrak dantzatuaz, ikusiaz edo taldearentzat hain handia den egun honetan pentsatuaz lagundu zenuten guztioi.

2008/06/20

INOIZ IKUSIRIKO LUZEENA

Aurtengoa urte berezia dugu Kemen dantza taldearentzat. Izan ere 35 urte betetzen dira Txingudi ikastolako guraso batzuen ekimenez bertako haurrei euskal dantzak irakasten hasi zirenetik.
Urteurren ekitaldien artean taldearen historian erro sakonak dituen San Juan bezperako soka dantza indartzeko asmoz, taldetik igarotako jendeari gonbidapena luzatu zaio. Deialdiak izandako arrakasta izugarriak Irunen orain arte ikusi ez bezalako soka-dantza ikusteko aukera emango digu. Ekainaren 23an 30 bikotetik gora izango ditugu gaueko 9etan San Juan plazan dantzatzeko prest.
Guztia prest dago belaunaldi ezberdinetako jendeak, tartean baita ama-alabak ere, ikuskizun hunkigarria eskaini ahal izateko. Ekitaldia borobiltzeko irundar guztion parte hartzea besterik ez da falta.

2008/06/09

HILABETE LANPETUA

Urtero legez ekaina oso hilabete lanpetua izan ohi da Kemenentzat. Aurtengoan gainera normalean baino konpromezu gehiago izango ditugu.

Batetik, San Pedro eta San Martzial jaien egitarauaren barnean hainbat dantza saio eskaintzeko aukera izango dugu. Ekainaren 22an arratsaldeko 8retan hasiko den Txistularien alardearen barnean hainbat dantza eskainiz emango diegu hasiera jaiei, hurrengo egunean San Juan bezperako soka dantza eskainiko dugularik.

Urte asko dira Kemen soka dantza dantzatzen hasi zela eta nahiz eta hasieran egun eta leku ezberdinean burutu, azken urteetan ekainaren 23ko iluntzeko 9etan punttu-punttuan hasi ohi da San Juan enparantzan.


Momentu berezia da hau taldekide ororentzat, irundar ugari egoten baita zain dantzariak noiz aterako eta halako zirrara berezia sentitu ohi da jaien hasiera ofizial gisa hartzen dugun honetan.

Aurtengoan gainera, taldearen 35. urteurren ekitaldiak direla eta deialdi berezia egin nahi izan zaie taldetik igarotako guztiei soka dantzan parte hartzera anima daitezen. Parte hartzea handia izatea espero dugu, jadanik hainbat taldekidek izena eman baitute. Dantzatu ondoren guztiok batera mokadutso bat egiteko aukera ere izango dugu, aspaldiko lagunak ikusi eta askoren kasuan elkar ezagutzeko aukera bikaina izango delarik.

Ekaineko egitarauarekin jarraituz, Kemenek Irunen urtero eskaini ohi duen dantza saio berezia iritsiko da, ekainaren 27an. Saioa gaueko hamarretan hasiko da Santiagoko Euskal jai frontoian eta ikasturte honetan zehar landuriko dantzak taularatuko dira.

Ez dugu deskantsurako astirik izango eta hurrengo egunean bertan, Errenteriako Ereintza dantza taldearen urteurren ekitaldietan parte hartuko dugu.

Aurtengoan gainera, ezin izango ditugu saio luzearen ondorengo oporrak hartu, uztailaren 6an Hondarribiako txistularien alardean ere parte hartuko baitugu.

Garbi dago uztailaren erdialderarte ensaio eta prestakuntza lan handiak geratzen zaizkigula, baina urtean zehar eginiko lanaren fruituak jasotzen hasteko momentua ere badatorkigu. Trena abiatu zaigu eta bidean ahalik eta bidaiari gehien jasotzeko esperantzaz ia helmugara umoretsu eta sendo iristen garen guztiok.

2008/05/21

LIZARRARA TXANGOA


Aurreko ikasturtean hasiriko bideari jarraituz, Kemen dantza taldeak irteera "ludiko-pedagogikoa" antolatu du. Iaz Biasterin izan ginen eta aurtengoan Lizarrara joateko asmoa dugu maiatzaren 25ean, bertan dantzak ikusiz egun pasa ederra egiteko.
Egun honetan Puyko Andre Mariaren eguna ospatuko da, dantzariek lagundurik prozesioa burutuko dutelarik.

2008/05/19

HONDARRIBIA DANTZAN II Kronika


Igaro berri dugun asteburua bikaina izan da Kemen dantza taldeko kideontzako.

Aurtengoan Hondarribia Dantzan-en bigarren ekitaldia ospatu berri dugu eta eguraldia lagun, guztia primeran atera zela esan daiteke. Asteburuko ekintzei ostiralean J.I Ansorenak emandako hitzaldiarekin eman genien hasiera. Ansorena bezalako erreferentziazko pertsona bat Hondarribira ekartzeak duen garrantzia agerian geratu zen udaletxeko areto nagusiak izandako itxurarekin. Aulki hutsik ez eta jendea adi-adi eta askotan irrifarra ahoan izan zen ordu bete pasatxoan zehar.

Tradizioaren balioez jardun zuen Ansorenak, entzuleen artean gogoetarako eta eztabaidarako hainbat atal jorratuz.

Igandean berriz, Hondarribia Dantzan-en gainontzeko ekitaldiak burutu genituen. Goizean, Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorririko hiru dantza taldek Hondarribiko kaleak alaitu zituzten. Herrian zehar hainbat puntutan dantzatu ondoren, eguerdiko 12:30etan dantza saio nagusiari hasiera eman zitzaion S. Maria Madalena plazan.

Baigorriko Arrola dantza taldeko kide gazteek Behe-Nafarroan oso ezagunak diren hainbat dantza eskaini zizkiguten. Tartean makilariaren trebetasuna aipagarria izan zelarik.

Lantziegotik Sebastian Iradier y Salaverri dantza taldeko kideak etorri ziren. Hauek Arabar Errioxako hainbat makil joko eta jota dantzatu zizkiguten gaita soinu indartsuz lagundurik.



Iñudeak eta artzaiak Hondarribiako Portutik


Azkenik, Berako herritarren txanda izan zen. Alaitasun eta animoz gainezka Iñude eta Artzainen konpartsa eskaini zuten, goizeko ekitaldiei amaiera emanez.


Taldeetako partaide guztiok elkarrekin bazkaltzeko aukera paregabea izan genuen, bazkarian bertan ere musika, dantza eta kantak falta izan ez zirelarik.

Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Belokiren taldeak eskainiriko erromeria biziak, S. Maria Madalena plazara hurbilduriko jendea dantzan jarri zuen, asteburu bikainari amaiera ezinhobea emanik.


Kemen dantza taldeko kideok eginiko lan guztiaren ondoren nekaturik baina benetan pozik bukatu genuen, ekitaldiek izandako harrera eta jendearen partehartzea zirela eta. Pentsa daitekeen gisan, hurrengo urteko Hondarribia dantzanen prestaketari heltzeko gogoz eta ilusioz beterik gaude.

2008/05/16

JOSE IGNAZIO ANSORENA MINER

Donostian jaio zen 1953.ean aspalditik Euskal Musika­ren­ganako zaletasun handia zuen familia batean. Isidro Ansorena, txistu­larien Maisu ospetsua aitona eta aitaponteko izan zuen eta bera­rekin burutu zituen txistu-danbolin ikasketak Donostiako Kontserbato­rioan bestelako musi­ka arloekin batera. Filosofia eta Letre­tako Lizentziatura lortu zuen Deustuko Unibertsitateko EUTG donostiar ikastetxean, Filologia Erromanikoaren arloan. Bederatzi urtez gazteen irakasle izan zen Hizkuntza, Literatura eta Drama­tizazio arloetan Donostiako Manuel de Larramendi ikastetxean.

Donostian ospatu zen I. TXISTULARI BAKARREKO TXAPELKETA irabazi zuen 1979. urtean, baita zenbait konposizio lehiaketetan lehenengo sariak ere. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaritza, eta bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedra ere lortu zituen oposizioz eta talde honekin lehiaketa garrantzitsuenetara jo ondoren, denetan Lehenengo Saria irabazi zuten. Kontserbatorio honetako zuzendari ere izan da hainbat urtez. Txistuaren afina­kuntzaren aldetik, teknikaren ikerkuntza eta pedagogiaren bidetik eman ditu ahaleginik handienak eta honen ondorioz Txistu Gozoa izeneko metodoa eman zuen argitara lau tomotan. Hauxe da gaur egun Akademia eta Kontserbatorio gehienetan erabiltzen den gida liburua. Errepertorioa zabaltzeko ere lan ugariak egin ditu eta gehienak Txistulari aldizkarian argitaratu dira. Zenbait urtez ere aldizkari horretako zuzendari aritu zen.

1982.ean Euskaltzaindiak deitutako Felipe Arrese-Beitia Poesia Lehiaketa irabazi zuen, Emeki Itxaropendutako Egunkaria liburuarekin. Musikologia aldetik ikerkuntza lan asko ditu eginak. Aipagarrienak: Eus­kal Kantak, Iztueta-Albéniz-en Musika Bilduma, eta Cancionero Popular Vasco.

Donostiako Txistulariekin batera bost disko ditu argitara emanak, euskal herri dantzak bilduz. Eta bakarlari gisan ere beste bost: Ansorenatarren danbolina, Txistu hotsak, Le Basque, Haize hegoa, eta Gipuzkoako soinu zaharrak.

1982. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, bakarlari gisan hau ere, estreinatu zuen Concierto para Txistu y Orquesta, Tomás Aragüés-ek idatzia, Errenteriako Musikasten eta geroago beste hainbat aldiz ere eskaini. 2002.ean, Euskadiko Orkestrarekin batera jo du kontzertu berbera Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Aukera hori baliatuz prestatu zen zuzeneko grabazioa ELKAR disketxeak argitara eman du. 2003.ean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin batera, eta Euskal Dantzarien Biltzarreak eskatuta, Gipuzkoako Dantzak izeneko dantza bilduma grabatu zuen. Eta 2004.ean, Joserra Senperena piano jotzailearekin batera, Ansorena-Senperena: Chillida lekutik, lan berritzailea.

Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo hirukote ezagu­nena­ren fundatzai­le eta partai­dea da. Hauekin Euskal Tele­bistarako hirurehun programa inguru burutu di­tuzte. Baita zazpirehundik gora saio publiko aurreko eta tankera guztietako argi­talpenak ere: ipuinak, diskoak, bideoak, komikiak,... Show-man gisan, Xabier Otaegirekin batera Funtzioa izeneko pro­grama sortu zuen, hiru kurtsuetan Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuena izan zen programa. Beste programetan ere zuzenda­ri, gidoilari eta akto­re lanak egin izan ditu: Balinda, Txiskola,... 1998-1999 kurtsuan Sikofonia saioa aurkeztu eta zuzendu zuen, eta bertan Euskal Herriko pertsona famatuenak elkarrizketatu. 1999-2001 urteetan, pailazo gisan, Barrebusa izeneko programan aritu zen bere lagunekin batera, 2001-2002etan, Altza, Porru! izenekoan eta azken hauetan Trikitraka Trikitron saioan.

Hogei urte baino gehiago dira beste arlo berezia lantzen hasi zela: Musikaren zabalkundea, modu askotan bideratua, baina batik bat Kontzertu Didaktikoen bitartez, antolatzaile edo aurkeztzaile gisan. Tankera guztietako talde musikalekin aritu da honetan: Orkestrak, Banda Sinfonikoak, Koruak, Ganbera Taldeak, Txistulari taldeak... Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean sarri aritu da esparru honetan, baina beste zenbait Orkestrarekin ere bai: Frankfurt, Tenerife, Galizia... Mario Venzago, Pedro Halffter, Víctor Pablo Pérez, Juan José Mena, Juan José Ocón, Kike Ugarte, eta beste hainbat zuzendarirekin batera lan egin du.

2001. urtean, Mirri eta biok, pailazo bizitzaren oroitzapenetan oinarritutako liburua, eta Gloria izeneko antzezlana ere argitara eman zituen. Azken hau José Luis Greco konpositoreak musikatu egin zuen eta 2003.ko maiatzan estreinatu Gasteizen eta Donostian. Azken argitalpena, Pailazoen esku liburua du, pailazo izateko esku liburua, 2003. urtean ELKAR etxearekin argitaratua.



Pailazotzari jarraitzen dio eta bere lagunekin batera Euskal Herria osoa korritzen du saio uga­riak eta arrakasta handikoak eratuz.




Aurten, martxoan, haurrei eskainitako alderdi honetan, hasi zenetik hogei­ta bost urte bete ditu. 2002. urtean, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere Urrezko Domina eman zion, txistu eta danbolinaren alde egindako lanak eskertzeko.

HONDARRIBIA DANTZAN II

Hondarribia dantzan, dantzaren eta orohar folklorearen inguruko festa dugu, bertan hezkuntza ikuspegia zein alde ludikoa barneraturik daudelarik. Kemen dantza taldearen helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik, Hondarribia dantzan ere ildo horren barnean kokatzen dugu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada.

PROGRAMA

Maiatzak 16 ostirala:
Asteburua folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko genuke:
Hitzaldia Jose Ignazio Ansorenak, besteak beste Donostiako txistulari bandako zuzendariak, emango du.
Izenburua: Tradizioa: benetako balioak
Lekua: Hondarribiako udaletxeko areto nagusia.
Ordua: 20tan

Maiatzak 18 igandea:

· Goizeko 12:30tan: Dantza agerketa.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 12:30etan
Partehartzaileak:
Donibane Garaziko Arrola dantza taldea.
Lantziegoko Iradier y Salaberri dantza taldea.
Berako Gure Txokoa dantza taldea.
Baztango dantzariak.


Arrola dantza taldea Nafarroaren egunean


· Arratsaldean: Dantzaldia.
Lekua: Santa Maria Madalena plaza.
Ordua: 18:00tan
Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Beloki musika taldeak dantzaldia burutuko luke, bertan taldeetako partaideekin batera herritarrak parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke.