2009/01/25

1 ETA 2, EZ DA HAIN SINPLEA!

Zein esparrutan kokatuko genuke Kemenen izaera? Aisialdikoan, hezitzailean, artistikoan edota agian terapeutikoan, zergatik ez?

Banengoen ba ni gure artean hainbeste eztabaida izateak oinarri teoriko batzuk izan behar zituela!

Egia esan, informazio ugari jaso dugu gaur egun osoan zehar eta hurrengo otsailaren 8an gehiago jasotzen jarraitzeko asmoz eta gogoz gaudela esan daiteke. Baina hori bai, gerora asko geratuko zaigu egiteko. Jasotako guztia barneratu ahal izateko norberak hausnarketa bat burutu beharko du eta zer esanik ez elkarren arteko eztabaida ordu gehiago sartu beharko ditugu. Baina noiztik gara eztabaidaren beldur? Eta orduak elkarrekin pasatzeari noiztik jarri diogu mugarik?

Beraz, guztion aberasgarri izango delakoan animo, eutsi motibazioari eta hurrengo dantza monitore ikastaroko saioan ere elkar ikusiko dugu!!!

2009/01/19

OSTIKOKA (BALOIARI EDO)

Urteak dira bai taldeko gazte eta gaztetxoen arteko futbol partidua jokatzen dela. Izan ere, dantzak elkartzen gaituen arren, urtean zehar hainbat eta hainbat ordu igarotzen ditugu elkarrekin eta gauza askotarako astia izan ohi dugu. Talde gisa funtzionatzen eta bizitzen ikasteko aukera paregabea eskaintzen digu Kemenek ekintza askoren artean honelako partiduak ere badaudelarik.


Aurtengo gabonetan ere urteroko zitari hutsik egin gabe, hainbat taldekide elkartu ginen urtarrilaren 4ean, markagailuak hala adierazten ez duen arren, leihaketa borrokatuari aurre egiteko. Beste behin ere, nahiko argi geratu zitzaigun, salbuespenak-salbuespen (Igor Yebra, Joseba Etxeberria...), dantza eta futbola ez direla oso ondo uztartzen, ez 80. hamarkada aurretik jaiotakoen kasuan behintzat.


Beno, helburua elkarrekin une goxo eta humoretsua igarotzea izanik, guztiz bete zela esan dezakegu. Gainera nola ez, partidu ondorengo bazkarian guztiok elkarrekin jokaldi esanguratsuenen errepasoa egiteko aukera bikaina izan genuen... Ezin gehiago eska urte berriaren hasiera honi.


Animo gazteak, hurrengo urtean ziur nerabeei irabazteko gai izango zaretela!!!



2009/01/15

EGUTEGIA



2009/01/08

2009an ere EUP!

Urte berriari hasiera eman berri diogunean, abian jarri nahian gabiltzan burutazio batzuekin gatoz.
Gehientsuenok jakinaren gainean izango zarete, orain dela urte pare bat, taldeko hainbat kide gure folklorean indarrean dagoen musika tresna bat jotzen ikasten hasi zirela, dultzaina edo gaita hain zuzen ere. Taldean urte luzez lan eskerga eginiko Patxi Pagola arduratzen da asteazkenero pitak urratzen dabiltzanei laguntzeaz.
Oraingoan berriz, beste musika tresna berezi baten ikaskuntzari hasiera eman nahiko genioke; alboka. Horretarako Andoaingo Jone Iraolarekin hitz egin dugu, mutil gazte hau prest egongo litzateke interesa duen orori hasierako irakaspenak emateko. Beraz, hemendik deialdia luzatu nahi genizueke taldekide guztioi, inork alboka jotzen ikasi nahi balu aukera ezin hobea du!!!

Bestetik, azken urteetako joerari jarraituz, taldekide orori zuzenduriko barne-ikastarotxoren bat antolatzekotan ere bagabiltza. Aurtengoan haurrei dantza irakasterakoan kontuan izan beharreko alderdi ezberdinez hitz egingo digute Ion Nabarro Amezketa eta Mikel Diaz PiƱar nafarrek, alderdi teoriko eta praktikoak lantzeko aukera izango dugularik. Hurrengo asteetan ikastaroaren inguruko berri gehiago emango dizuegu noski.