2008/06/09

HILABETE LANPETUA

Urtero legez ekaina oso hilabete lanpetua izan ohi da Kemenentzat. Aurtengoan gainera normalean baino konpromezu gehiago izango ditugu.

Batetik, San Pedro eta San Martzial jaien egitarauaren barnean hainbat dantza saio eskaintzeko aukera izango dugu. Ekainaren 22an arratsaldeko 8retan hasiko den Txistularien alardearen barnean hainbat dantza eskainiz emango diegu hasiera jaiei, hurrengo egunean San Juan bezperako soka dantza eskainiko dugularik.

Urte asko dira Kemen soka dantza dantzatzen hasi zela eta nahiz eta hasieran egun eta leku ezberdinean burutu, azken urteetan ekainaren 23ko iluntzeko 9etan punttu-punttuan hasi ohi da San Juan enparantzan.


Momentu berezia da hau taldekide ororentzat, irundar ugari egoten baita zain dantzariak noiz aterako eta halako zirrara berezia sentitu ohi da jaien hasiera ofizial gisa hartzen dugun honetan.

Aurtengoan gainera, taldearen 35. urteurren ekitaldiak direla eta deialdi berezia egin nahi izan zaie taldetik igarotako guztiei soka dantzan parte hartzera anima daitezen. Parte hartzea handia izatea espero dugu, jadanik hainbat taldekidek izena eman baitute. Dantzatu ondoren guztiok batera mokadutso bat egiteko aukera ere izango dugu, aspaldiko lagunak ikusi eta askoren kasuan elkar ezagutzeko aukera bikaina izango delarik.

Ekaineko egitarauarekin jarraituz, Kemenek Irunen urtero eskaini ohi duen dantza saio berezia iritsiko da, ekainaren 27an. Saioa gaueko hamarretan hasiko da Santiagoko Euskal jai frontoian eta ikasturte honetan zehar landuriko dantzak taularatuko dira.

Ez dugu deskantsurako astirik izango eta hurrengo egunean bertan, Errenteriako Ereintza dantza taldearen urteurren ekitaldietan parte hartuko dugu.

Aurtengoan gainera, ezin izango ditugu saio luzearen ondorengo oporrak hartu, uztailaren 6an Hondarribiako txistularien alardean ere parte hartuko baitugu.

Garbi dago uztailaren erdialderarte ensaio eta prestakuntza lan handiak geratzen zaizkigula, baina urtean zehar eginiko lanaren fruituak jasotzen hasteko momentua ere badatorkigu. Trena abiatu zaigu eta bidean ahalik eta bidaiari gehien jasotzeko esperantzaz ia helmugara umoretsu eta sendo iristen garen guztiok.

iruzkinik ez: