2010/12/28

2010/12/24

SAN TOMAS 2010

Beste behin ere euriak ez gintuen errespetatu! (batzuk batez ere, animo Kiel). Noiz hasiko ote dira lehorte gogorrak bizi dituzten herri horietatik dantzatzera joan gaitezen deitzen?. Izugarri ziurrak gara.
Beno, bustita baina alai behintzat. Gainera, aurtengoan ere Kemenekin estreinaldia izan da batzuentzat San Tomas egunekoa eta seguru gogoratuko dutela (arrazoi ezberdinengatik baina beno...).

Gildarrek jadanik argazkiak prest dituzte eta bideoa ere badago (hau zortea gurea, teknologiaren garaian ezin ezer ezkutatu!!!).

ARGAZKIAK





Ondo pasa gabonak eta primeran hasi urte berria.

2010/10/26

OHIKO BATZAR OROKORRA ETA ONDORENGOAK

Horrelakoa da Kemenkideon erritmoa, 2009-10 ikasturteari amaiera eta 2010-11koari hasiera urriaren 24ean eman diogu. Uda luzea izaten da dantza taldeontzat eta konpromezu ugariri erantzun ondoren oporralditxo bat ondo merezia izan ohi dugu, ezta?

Beno, bukatu dira aurtengo oporrak eta aste honetan berriro ekingo diegu entsaioei.

Horretarako noski, ohiko batzar orokorra burutu berri dugu eta bilera osooooo lasaia izan arren (agian lasaiegia, parte hartzea nola bultzatu hausnartu beharko genuke behar bada), ondorengoak animatuago joan ziren (beti bezalatsu).

2010/09/30

MAINTENONGO ARGAZKIAK

Kemen DT ek


2010/08/10

EGUN OSOOOOOA!

Ezin esan 2010eko Euskal Jira eguna motza izan zenik.
Goiz-goizetik hasi ziren lanak, arratsalderako edariak erosi, hamaiketako ederra egin, gurdiari azken ikututxoak eman.

Pilotalekuan talde bazkari ederra egin... Nola hobetzen ari diren katering-ak, ezta?

Ibilbidean zehar dantza eta algara ugari egiteko aukera izan genuen. Eskerrak Colon hiribideko etxeen itzalari eta noski taldekideen seme-alabei!


Aurtengoan ez ziren hemen bukatzen taldekideon lanak. Musika ekipoak gora-behera, erromeria arrakastatsua burutu genuen, jendea dantzan eta izerditan ikusi ahal izan genuen eta hau ez da gutxi gaur egun. Dantza gure plazetan zabaltzeko bide berri baten hasiera ote?

Ah, noski eguzkiak ilargiari lekua utzi zion eta hor eman zen transformazioa..........Gero harritu egiten gara "sekta" deitzen digutenean!

Mila esker egun polit hau ehuntzen lagundu zenuten guztioi!

2010/08/06

HURRENGO ZITAK GAINERA DATOZKIGU!

Larunbat honetan Irungo Euskal Jira ospatuko da eta orain dela bi urte bezala, aurtengoan ere Kemenek gurdia prestatu eta salto eta festa atzetik joango gara egun polita igarotzeko asmoz.
Aurtengoan azken urte luzeetan mantendu izan dugun ohitura baten adierazgarri, Inauterietan burutzen dugun puska biltzea irudikatu nahi izan dugu. Taldekide ugari gogor aritu da lanean, hainbat buruhausteren ondoren azken momentuko lan ugari egin behar izan baita. Eskerrak taldeari ordu asko eskaintzeko prest dagoen jendea dugun! Muxu handi bat denei.
Nola ez, taldetik igaro den, igaroko den edota besterik gabe dantza gustoko duen edonori deia luzatzen diogu gurekin batera gurdiaren atzetik ibil dadin.
LARUNBATEAN 18:00TAN LETXUNBORRO HIRIBIDEAN ELKAR IKUSIKO DUGU!!!
Animo!

CHATEAU-Z CHAUTEAU

Ohitura onak ez omen dira galdu behar eta uda honetan ere nazioarteko jaialdi batean izan berri gara. Aurtengoan jaialdi motza aukeratu dugu (iazko nekeak gogoan edo!) eta kilometro gehiegi ere ez ditugu egin. Hala eta guztiz ere, elkarrekin egon eta gure dantzak erakusteko aukera paregabea izan da.
Egia esan, mota guztietako iritziak entzun ditugu eta ez dut uste hauetako batzuk inoiz ahaztuko ditugunik ("flema frantziarra" ejem!). Gainera, azken urteetan ez bezala, juergarako aukera gehiegi izan dugunik ezin esan. Jauregi batean lo, bestean dantzatu... errege-erreginen pare ibili gara eta jan ere hala moduz!.
Beno, jaialdi lasaia izan da, bertako aiton-amonen "patxada" kutsatu izan baligute bezala, baina jaialdi guztiak bezala aberasgarria oso.

Hurrengo urtean gehiago! Ia hemendik aurrerako lanei ere modu berean erantzuten diegun.

2010/05/27

BADATOR HONDARRIBIA DANTZANEKO ASTEBURUA

Aurtengo Hondarribia Dantzan-en egitaraua aurreko urteetako ohiturari jarraituz, ostiralean, folklorea eta etnografiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko genuke, arratsaldeko 8etan udaletxeko areto nagusian:

Hitzaldia Karlos Irujok emango du.
Hitzaldiaren izenburua ondorengoa da: Ondarearen aurrean bi ikuspegi

Larunbatean bailaran euskal dantzak ikasten diharduten hainbat haurren bilkura burutuko da. Bertan, Hondarribiako Talaia ikastolako dantzari txikiez gain, Irungo Adaxka dantza taldea, zein Kemenen harrobi diren Eguzkitza eta Elatzeta eskolako beste hainbat haurren parte hartzea izango da. Bilkura arratsaldeko 17:00tan hasiko da Gernikako arbola plazan eta herriko kale ezberdinak alaitu ondoren Santa Maria Madalena plazan ekitaldi nagusia izango da 18:30ak aldera.

Igandean, lau dantza talde gonbidatu dira; Berrizko San Lorentzo, Berako Gure Txokoa, Lizarrako Ibai Ega eta Cortesko dantzariak.
12:30ean Santa Maria Madalenan lau taldeek dantza agerketa burutuko dute.
Asteburua ondo eta alai bukatzeko 18:00tan erromeria izango dugu Zumardian Imuntzo, Beloki eta Mattin taldearekin.
Asteburua aurreko urteetan bezain gustora igaroko dugula espero dugu!

KARLOS IRUJO


Karlos Irujo Ortzadar folklore elkarteko kidea da 1977 a geroztik, eta bertan lan itzela egindakoa ikerketa sailaren barruan. Eusko Ikaskuntzako kidea, antropologoa eta NUP (Nafarroako Unibertsitate Publiko)ko Irakasle Asoziatua.

2008an Lantz, Ituren eta Zubietako ihauteriak Nafarroako Ondare ez-material izendatzeko beharrezkoa izan zen txostenaren egileetariko bat ere bada.

2009an txostenaren laburpena Panorama aldizkariaren 40. zenbakiak argitara eman zen, "Carnavales de Lantz-Ituren-Zubietako Inauteriak" izenarekin.

2010ean, Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzuak agindutako Erronkariko "Hiru behien tributoa"ren txostena osatzen ere parte hartu zuen.

BERRIZKO SAN LORENTZO DANTZA TALDEA

San lorentzo dantza taldea 1952an Alejandro Aldekoak sortu zuen. Alejandrok, Berrizko txistulari eta dantza maisu handiak, San Lorentzo ermitan dantzatze asmoz sortu zuen taldea. Ondoren taldeak dantzatzeari utzi zion eta gerora beste gazte batzuekin birsortu zen. Gaur egun taldeko txistularia Alejandro Aldekoaren semea den German dugu eta taldeko dantzariak sortzaile izandakoen laugarren edo bostgarren belaunaldikoak ditugu.



Taldeak gordetako dantza errepertorio nagusiena dantzari datza eta erregelek osatzen dute.

BERAKO GURE TXOKOA DANTZA TALDEA


Gure Txokoa K.K.E. 1931. urtean sortu bazen ere lehendik ere herrian bazen dantza talde bat. Gaur egungo taldeak 120 dantzari biltzen ditu.

Gure Txokoa Dantza Taldeak Abuztuaren 3an (San Esteban) du saio garrantzitsuena, bertan Berako dantzak dantzatzen dituztelarik:

• Bordondantza (goizean)
• Berako Makil- dantza (goizean)
• Berako aurreskua (arratsaldean)



Bordondantza: V forman ezarrita dantzatzen den dantza da. Bata besteari soken bidez lotuta daude eta soka hauek beti tente kontzen saiatu behar dute.
Mutilek bakarrik dantzatzen dute. Foruen plazan egiten da meza ondoren.





Makil- Dantza: 10 dantzaz osaturiko guda dantza edo makil jokoa da. Mutilek bakarrik dantzatzen dute. Foruen plazan egiten da.




LIZARRAKO IBAI EGA DANTZA TALDEA

1.980.eko maiatzaren 25a izan zen IBAI-EGA-ren ibilbidearen hasiera dantza talde bezala. Sortu zenetik, orain 30 urte, 400 pertsona baino gehiagok parte hartu du dantza taldearen historian. Aipamen berezia merezi du 80. hamarkada hasieran IBAI-EGAk sortutako “Demetrio Romano” Dantza Eskolak.


Sorreratik, Ibai-Ega Dantza Taldeak Lizarrako dantzen jarraipena izan du helburutzat, batez ere, Larrain dantzarena: bere koreografia eta musika babesteko, dantza zahar honek merezi duen errespetua zabaltzeko eta Lizarrako herritar ororen dantza izateko.

Horregatik, 2003. urtean, Lizarrako Gaitariekin batera, dantza unibertsal honen historia, interpretazioa eta koreografia biltzen dituen “Lizarrako Larraindantza. Hiru mende dantzan” ikus-entzunezko lana plazaratu zuen.

2010/05/24

CORTESKO DANTZARIAK


Cortesko paloteadoa irailaren 29an ospatzen da Mikel deunaren omenez. Goizeko prozesioaren ondoren, arratsaldez, herriko plazan paloteadoa egiten da, bertan dantzak eta antzezlan zatiak tartekatuz urteko herriko gora-behera guztiak taularatzen dira, beti Erriberako umore puntu fina bertso eta hitz guztien gatza eta piperra izanik. Taula gainean hamasei dantzariekin batera Mayorala, Rabadana, Deabrua eta Aingerua ditugu. Dantzariek tartekatzen dituzten dantzak bost dira: Cortesias, Pasacalles, Jota, Vals eta Trenzadoa (sinplea eta bikoitza). Cortesko paloteadoaren jaiotze data ziurtasun osoarekin jakiterik ez dagoen arren, XIX. mendean kokatzen dute eta 36ko matxinadaren ondorioz galtzear egon ondoren, egun, indartsu mantentzen da Cortesko gazteek egindako lanari esker. Jarraian 2005eko paloteadoan errezitatutako bersoetariko batzuk ikus ditzakezue:

2010/03/02

KAUTERAK 2010

2010/02/14

INAUTERI ASTEBURUA


Asteburu lanpetua izan da aurtengo inauterietakoa Kemeneko dantzari, zein musikarientzat.

Larunbat goizean, Euskal Inauterien tradizioa gogoratzeko, Irungo kaleak euskal dantza, musika eta kolorez alaitu genituen. Kemeneko dantzari eta musikariok, gure harrobia osatzen duten beste hainbat haur eta gazterekin batera, eta baita Ziripot, Miel Otxin, Zaldiko eta perratzaileekin batera, Lantzeko Inauterietako dantzak antzeztu genituen. Irungo Pio XII plazatik Erromes plazarainoko bidean, Lantzeko dantza, kalejira, fandango eta arin-arinekin berotu genuen larunbateko goiz hotza.

Gainera, tradizioarekin jarraituz, inauteri igandea Puska Biltze eguna izaten dugu. Goizean goiz, bederatzietan, Kemeneko lokaletik irten eta Olaberriara bidean goaz Kemeneko dantzariak, baserriz baserri, urteroko ohitura den bezala, gure dantza eta musikarekin auzoa girotzera. Behin dantzaldia amaitutakoan, bazkari goxo bat izan ohi dugu gure zain.

Urtero bezala, Kemen Dantza Taldetik gonbidapena luzatzen dizuegu, inauteriez gozatu nahi duzuen guztioi, gurekin batera, ekintza hauetan parte har dezazuen.