2008/07/13

ATZERA BEGIRA, PIRINEOTAN BARRENA


Azken urteetako ohitura izan da Kemenen ikasturtean zeharreko lana batez ere San Martzialetan eskaini beharreko saiora bideratua izatea. Aurtengoan ere honela izan dela esan dezakegu. Azaroan hasi eta ekainera bitarteko ensaioak Pirineotan Barrena ikuskizuna osatzeko izan dira batez ere. Saioaren bizkarrezurra eratzen joan garen hilabete hauetako lanak bere fruituak eman dituela esan dezakegu.

Izan ere, ekainaren 27an, ia bi orduko dantza saio txukun bat burutu genuela esateko lotsarik ez da izan behar. Noski, beti izaten dira hobetu daitezkeen alderdiak eta jendearen kritikei ere ez zaie entzungor egin behar, beti ere hemendik aurrera garatuz eta pixkanaka ernetuz joan ahal izateko.

Auritzeko ingurutxoa

Hilabete neketsu hau amaitu ondoren, atzera begiratu eta atseginez irrifar egiteko moduan gara, guztion lanak eta noski, baita taldean bizi dugun giroak ere, zergatik ez, aurrera jarraitzeko indarrak ematen baitizkigute.


Hemendik aurrerakoa ere garrantzitsua izango da, lehenik abuztuaren 5ean Ezpeletan, herri kirolak eta dantza tartekatuko dituen saio bereziaren ondoren, aspaldiko urteetan ez bezala Euskal Jiran gurdi eder bat atondu eta taldetik igarotako jendearen partehartzearekin egun eder bat igaroko dugu abuztuaren 9an. Geroago, Hungariako Sarvar herrian ospatuko den Nazioarteko dantza festibalean parte hartuko dugu.

Beranduago ere izango dugu hauen berri.

iruzkinik ez: