2012/03/21

ARANTXAREN OMENEZ

Aurreko igandean eskerrak emateko asmoz San Martzialen bildu ginenok bat egiten dugu Pellok idatziriko hitz hauekin.

Urteetan atzera egin behar,

gehiegi, agian,

eta hantxe gogoratzen zaitut, Arantxa,

neska taldea gidatzen, zure altueraren laguntzaz

egoera guztia behar bezala kontrolatzen

eta denen belarri, oin eta gerriak erne, tente eta prestu,

pauso bakoitza gogoz emateko prest,

zure ahotsaren doinuaren zain:

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.


Zutabe garrantzitsuenetako bat Kemen-en sorreran,

arduradun nagusietako bat Kemen-en lehen arrakastetan.

Beti egongo zara taldearen izenarekin lotuta.

Guztion memorian iltzaturik dago txuri beltzeko argazki hura,

hirurak irribarretsu, hirurak alai, hiru irakasle, hirurak apartak,

eta guretzako hirurak bat, hirurak Kemen.

Horrelaxe egin zuen taldeak aurrera, zuen indarraren laguntzaz,

zuen borondatearen ekimenez,

eta zure presentzia, Arantxa, ezinbestekoa.

Zure kantuaren poza nabaritzen zen,

bai eta zure seriotasunaren tinkotasuna ere, beharrezkoa zenean,

gure barrabaskerien errekari mugak jartzen,

eta, horrela,

batzuetan gida ezina zirudien belaontziak aurrera egiten zuen

bai barealdian, bai ekaitzaldian ere.


Horrek guztiak baliotsuak ginela adierazten zigun,

guri,

artean mukizu hasiberriak, txepel, ganberro baina bihotz onekoak,

eta geure sentimenduen harrotasuna heziz joan zen

eta pertsona bezala hazi ginen.

Eta bizitzaren ildoek, askotan gure borondatearen

eskuetatik aldentzen direnek,

beste bide batzuetan barrena eraman gaituzte.

Eta aurrera goaz nor bere bidean

eta oroitzapenez betetzen ditugu gure bidaiaren maletak

bizitzak aurrera egin ahala.


Baina zu, Arantxa, helmugara iritsi aurretik,

zure maleta hustuz joan zinen pixkanaka-pixkanaka,

eskolan hastera doan haurraren motxilatxoa baino ttikiagoa egin arte.

Hala ere, alaitasuna, gehien okupatzen duena

eta gutxien pisatzen zaiguna, betiere zurekin batera eraman zenuen.

Eta zure ahotsaren doinua oraindik entzuten dugu, eta gurekin dirau:

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.


Maletaren tamaina eta bere hustu-betetzea

misterioak dira, misterio handiak.

Eta misterioa da, era berean, gu denok hemen egotea.

Egun batean

egun miragarri batean, egun guztiak baitira miragarriak−

joan zarela esan digute,

eta urrunean zure ahotsa ere entzuten jarraitzen dugu,

tion taronta tarion taronta, tion taronta tarion taron”.

Gerardo Garciak ateratako argazki


iruzkinik ez: