Donostiako Musika Hamabostaldia 1939an hiriko ostalari eta merkatarien bultzadaz sortu zen, ondorioz Europako musika klasikoko jaialdi zaharrenetakoa dela esan dezakegu. Gaur egun, ikusleen babes handia du jaialdiak; opera, balleta, orkestra sinfoniko handiak, ganbera talde txikiak, organo erromantikoa, abesbatzak, musikagile garaikideak, bertako zein nazioarteko musikariak, haur ikuskizunak... guztiek osatzen dute jaialdia.
Hau guztia kontuan izanik ez da harritzeko Donostiako musika hamabostaldiaren inguruko berriak entzun eta entzun aritu izana urte luzez eta aurtengoan bertan parte hartzeko aukera izatea benetan ohoretzat hartu beharrean gaude. Ametsa gazteko kideek 1813an San Martzialen izaniko guduarekin loturiko saioa antolatzea pentsatu zutenean gurekin gogoratu izana harro sentitzeko modukoa ere bada, ezta?
Beraz, larunbat honetan arratsaldeko 7ak baino lehentseago bertan izango gara gure hanka altsatze eta murrixka bikainenak eskaintzeko asmoz. Bai, badakigu zoritxarrez jende gutxik izango duela ermitan sartzeko aukera, baina kanpoan eskainiko dugun gure saioaz gozatzea behintzat ez diogu inori ukatuko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina