2012/03/10

ARANTXA OLAIZOLA ZENDU DA

Normalean ekintza desberdinak, dantza saioak... deskribatu ohi ditugu gure blogean eta gehienetan behintzat irribarretsu eta alai azaldu ohi gara taldekideak. Baina, badira egun eta albiste tristeagoak ere eta hauen berri eman beharrean izaten gara zenbaitetan. Gaurkoan taldearen hasierako urte oparoetan ezinbesteko izandako pertsona baten heriotza da idaztera garamatzana. Gaur egun taldean gauden gehienok ez genuen Arantxa zuzenean ezagutzeko aukerarik izan, baina azken urteetan taldearen historian pixka bat sakontzeko egiten ari garen elkarrizketa saioetan lehena, Pili eta berarekin egin izanaz harro gaude.



Askotan azpimarratu ohi dugun moduan, hasierako langile borondatetsu haien lanari esker izan ez balitz, gu ez geundeke hemen. Bere lagun eta familia artekoei besarkada handi bat bidali eta guztion partetik eskerrak ematea besterik ezin dugu egin.

3 iruzkin:

Bittor erabiltzaileak esan du...

1973. urtean Arantxa eta Pilirekin dantzan hasi ginenok, agian oharkabean izan dugu zeinen gogorra izan behar zuen garai haietan euskal dantzen iharduera martxan jartzen, edo zenbat lan egin behar izan zuten taldea xoxik gabe aurrera ateratzeko. Gogoan izango ditugu, hori bai, Betharrango aretotxoko enseguak, eta oroitu ere, oroituko gara txapelketetatik Gipuzkoako txapeldun gisa itzultzen ginenarekin, edo mundukoak (izango ote ginen?). Baina oroitzapen guztien gainetik, nik behintzat badut bat inoiz ahaztuko ez dudana: zeinen maitatuak sentitzen ginen Arantxa eta Pilirekin.

Eskerrik asko Arantxa.

Nerea erabiltzaileak esan du...

Mila esker guztiarengatik.
Asko eskertzen dizuet benetan.
Besarkada handi bat.
Arantxaren alaba, Nerea

Marga erabiltzaileak esan du...

Hala da, garai hura ez daukagu ahazteko, ez, eta urteak aurrera joan ahala gehiago jabetzen gara Betharrango aretotxotik hasi eta Izagako lokalerainoko ibilbidean bizitakoek gugan utzitako arrastoaz... Ez daukat eskerrona adierazko nahiko hitzik.