2013/05/21
HONDARRIBIA DANTZAN VII
Leihotik begiratuta gezurra dirudien arren, maiatza iritsi zaigu eta maiatzarekin batera gure bailaran folklore dantzatua zabaltzeko asmoz antolatu ohi dugun Hondarribia Dantzan ere bai. Aurtengo ekitaldia euskal probintzia txikienari eskainiko diogu, Zuberoari hain zuzen ere. Egia esan, txikia bai, baina emankorra ere bada gure Xiberua; txirulari eta dantzari bikainak eman ditu eta urteroko pastoral eta maskaradak ederrak izan ohi dira.
Guzti honen zatitxo bat gurera ekarri asmoz ostiralean bertan, maiatzak 24, Jean Mixel Bedaxagar izango dugu gurekin udaletxeko areto nagusian arratsaldeko 19:30ean, maskaradei buruzko hitzaldi goxo bat entzuteko aukera eskainiz. Larunbatean berriz goizeko 12ak inguruan hasita herriko puntu ezberdinetan barrikadak ikusi ahal izango ditugu (sorpresaren bat tarteko gainera!) eta arratsaldez 16:30 aldean maskaradari hasiera emango zaio Sta. Maria Madalena plazan (eguraldia lagun bada behintzat). Inoiz bertara joateko aukerarik izan ez duenarentzat parada bikaina sustrai sakoneko euskal tradizio hau ezagutzeko.
Ondorengo irudietan maskaradaren nondik-norakoak modu xume eta argian azaltzen dizkigu gure lagun JohaƱek (barkatu bideoak egiten dituen saltotxoengatik, edizio arazoak izan ditugu eta ezin konpondu, baina gure ustez hitzak dira interesgarrienak).
Iluntzean berriz plazan bertan ohitura bihurtzen ari zaigun taldeko musikari eta lagunen erromeria izango dugu, 20:30etatik aurrera.Ziur gaurtik osteguna bitarte ikasteko aukera izango den larrain-dantza praktikan jartzeko proportzioa egongo dela.
Taldearen urteurren ekitaldien barruan aurtengo Hondarribia Dantzan-eko igandeari ere ikuttu berezia eman nahi izan diogu, gure harrobiaren egun izendatuz. Aurreko edizioetan bezala, goizeko 11:00tatik haur eta gaztetxoak herriko puntu ezberdinetan ikusi ahal izango ditugu, eguerdian Sta. Maria Madalena plazan dantzatuz bukatuko dutelarik. Baina aurtengoan ez dugu hemen amaituko, nahi duten haurrek gurekin bazkaltzeko aukera izango baitute eta ondoren hainbat joku eta dibertsio antolatu ditugu arratsalde alai bat lagun giroan igaro ahal izateko. Ziur egun zoragarria izango dela!!!
Etiketak:
EKINTZAK,
MULTIMEDIA
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina