Inauteri asteburua izan genuen aurrekoa.
Larunbata, eguzkitsu esnatu zen eta goizeko lehen orduetatik inauteri usaina nabaria zen Irun txoko ezberdinetan.
Goizeko 10.00tan lokalean geratu ginen azken ukitu eta ensaioak egiteko eta 11.30tarako txintxo-txintxo Pio XII plazan ginen inauteriko partaide guztiak, momotxorro, sorgin, itzain, aza landatzaile, hazi ereile, ijito … Irungo kaleetatik inauteriaren poz eta alaitasuna zabaltzeko asmoz.
Txistulari, dultzaina eta fanfarreaz lagundurik Pio XII plazatik Erromes plazaraino dagoen bidea bete genuen, hainbat geldialdi eginez, Altsasuko zortzikoa eta beste hainbat dantza ekitaldia ikustera etorritako jendeari erakusteko.
Kemeneko dantzari eta musikariez gain, Adaxka dantza taldeko, Eguzkitza, Elatzeta eta Talaiako haurrek parte hartu zuten. Honez gain hainbat musikariren laguntza ere izan genuen.
12.00etan hasitako bidea 13.30ak aldera amaiatu genuen Erromes plazan, momotxorro, polka pik, fandango eta arin-arina dantzatuz.
Haur talde bakoitzak bere monitoreekin argazkia egin eta gero, Kemeneko talde argazkia atera genuen eta zaharren egoitzara abiatu ginen eguneko azken “saioa” egiteko, eta haiei ere asteburua alaitzeko.
Igandea ere, larunbataren antzera eguzkitsu esnatu zen. Honek aurreko eguneko parrandaren neke eta ajea eramangarriagoak egin zituen.
9.00tan lokalean geratu, kotxeak hartu eta Olaberriarantz abiatu ginen. Cristina eta Aneren etxean indarrak hartu genituen madalenak eta pastak gosalduz eta bidean aurrera jarraitu genuen fandango eta arin-arin gehiago dantzatuz.
12.00ak aldera hamaiketakoa egin genuen, salda eta txorizo pintxoa, deskantsatu eta berriz indarrak hartzeko eta argazkia atera genuen parking ondoko baserri polit baten atarian.
Behin argazkia aterata, aurrera jarraitu genuen geratzen ziren baserrietan dantzatzeko eta kosta bazitzaigun ere azkenean lokalera iritis ginen.
Goizeko dantza guztien ondoren merezitako bazkaria egin genuen Erlaitz elkartean.
Egilea: Ane Estonba
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina