2009/05/26

AURTENGO IRTEERA LUDIKO-PEDAGOGIKOA

Azken bi urteetan abiaturiko ohiturari jarraiki, Euskal Herrian zeharreko dantzak taularatzeaz gain, berezko duten inguru eta giroan ikusi eta bizi ahal izateko aukera izango dugu aurtengoan ere.


Orain bi urte Biasterin eta iaz Lizarran izan ginen gisara, oraingoan Oñatiko Korpus dantzak ikustera joateko asmoa dugu. Ekainaren 14ean goizean goiz abiatu beharra izango dugu, baldin eta egun osoan zeharreko ekitaldiez gozatu nahi badugu behintzat.


Honelako egitasmoek helburu bikoitza dutela esan beharrik ez dago noski. Batetik, euskal dantza eta usarioen inguruko formazioa sakontzeko aukera ematen digute eta bestetik eguna giro ederrean elkarrekin igarotzeko aukera ere bai.


Urtero bezala ahalik eta jende gehienak izena eman dezan nahiko genuke, beraz, taldekide orori (egungo, zein alpargatak eskegitakoei) gonbidapena luzatu nahiko genioke. Ziur egun polita igaroko dugula!

2009/05/18

HONDARRIBIA DANTZAN III kronika

Hirugarren urtez ere lana ondo egin izanaren sentsazioz amaitu dugu, ezta hala?

Ostiraleko hitzaldiarekin emaniko hasiera sakona eta hausnarketarako benetan baliagarria izan zitzaigun, gainera beste behin ere udaletxeko areto nagusia betetzea lortu genuen eta hori zerbaiten adierazle bada noski!


Igandean berriz, dantzaz gozatzeko aukera izan genuen, ikusiz zein eginez!.
Egia esan ez da batere erraza izaten honelako ekitaldietarako dantza taldeak lotu ahal izatea eta azken ordurarte ez da jakiten zeintzurekin kontatu ahal izango dugun. Hala ere, aurtengoan, Legazpi zein Andoaingo dantza tradizioaz gozatu, bertako haurren dantza hastapenak ezagutu eta orohar dantzaren inguruan asteburu bikaina igarotzeko beste aukera bat izan dugu Hondarribian.

Taldeetako kideak eguna zein gustora igaro duten, zein ondo zaindu ditugun (menuak jasoriko goraipamenak batez ere)... esaten entzuteak, lanak merezi izan duela pentsatzera garamatza eta Kementxu guztiok aurrera jarrai dezagun animatuko gaituela pentsatzen dut.



Antolakuntza eta intendentzia lanetan ariturikook, parte hartzaile orori eskerrak eman nahi dizkiegu eta nola ez, hemendik aurrera ere Hondarribia Dantzan-en ekitaldi ugari bizi ahal izateko aukera izan dezagun espero dugu.