2008/10/13

AMAIERA BIKAINA

Bai, halaxe izan zen!
Urtean zehar Kemenen 35. urteurrena ospatzeko buruturiko ekitaldiek izandako harrera izugarria izan da eta zer esanik ez larunbat honetan izandako bazkari eta ondorengo festa giroa. Badakigu, honelakoetan gertatu ohi den moduan, saiakera ugari eta ezberdinak egin arren, agian hainbat pertsona deialdiaren berri jakin gabe geratuko zirela, eta beste hainbatek arrazoi ezberdinak direla eta ezin etorri ahal izan zutela.
Hala eta guztiz ere 132 pertsona biltzea ez da marka txarra, ezta?





Gainera giroa zoragarria izan zen eta Imuntzo, Beloki eta Mattinekin ibilitako martxak argi utzi zuen dantzarako gogoa eta grina ez direla galdu gure artean.
Eskerrik asko guztioi honelako egun eder bat igarotzeko aukera ematearren. Hurrengo urteurren ekitaldietan ere parte hartzeko irrikaz geratu garela iruditzen zaidanez, animo gaztedia zuen esku geratuko baitira antolaketa lanak!!!

2008/09/17

SAMINA TALDEAN

Gehienok jakingo duzuen moduan ezusteko latza izan genuen atzokoan. Oraindik ere, erreakzionatu ezinik gaude eta zer gertatu den ezin ulerturik.
Taldearen lehenengo urteetatik dantzan arituriko Peio Urtxegi joan zaigu bat-batean. Askok gogoratuko duzue bere makila eskuetan eta beti ere irrifarra ahoan.

Azkenengo hilabeteetan ere taldearekiko bere loturak indarrean jarraitzen zuen, hain zuzen ere aurtengo San Juan bezperako soka dantzan parte hartzera animatu zen eta urteurreneko ospakizunetan laguntzen ere ari zitzaigun, hain gustoko zuen argazkilaritza dantzarekin uztartuz.

Guztiok hunkiturik gauden momentu hauetan, Kemeneko partaide garen eta izan garen guztion izenean besarkadarik beroena eskaini nahi diogu bereziki bere familiari, taldearen sorrera eta bilakaeran hainbeste lan egin duten guzti horiei hain zuzen ere.