2010/05/27

LIZARRAKO IBAI EGA DANTZA TALDEA

1.980.eko maiatzaren 25a izan zen IBAI-EGA-ren ibilbidearen hasiera dantza talde bezala. Sortu zenetik, orain 30 urte, 400 pertsona baino gehiagok parte hartu du dantza taldearen historian. Aipamen berezia merezi du 80. hamarkada hasieran IBAI-EGAk sortutako “Demetrio Romano” Dantza Eskolak.


Sorreratik, Ibai-Ega Dantza Taldeak Lizarrako dantzen jarraipena izan du helburutzat, batez ere, Larrain dantzarena: bere koreografia eta musika babesteko, dantza zahar honek merezi duen errespetua zabaltzeko eta Lizarrako herritar ororen dantza izateko.

Horregatik, 2003. urtean, Lizarrako Gaitariekin batera, dantza unibertsal honen historia, interpretazioa eta koreografia biltzen dituen “Lizarrako Larraindantza. Hiru mende dantzan” ikus-entzunezko lana plazaratu zuen.

2010/05/24

CORTESKO DANTZARIAK


Cortesko paloteadoa irailaren 29an ospatzen da Mikel deunaren omenez. Goizeko prozesioaren ondoren, arratsaldez, herriko plazan paloteadoa egiten da, bertan dantzak eta antzezlan zatiak tartekatuz urteko herriko gora-behera guztiak taularatzen dira, beti Erriberako umore puntu fina bertso eta hitz guztien gatza eta piperra izanik. Taula gainean hamasei dantzariekin batera Mayorala, Rabadana, Deabrua eta Aingerua ditugu. Dantzariek tartekatzen dituzten dantzak bost dira: Cortesias, Pasacalles, Jota, Vals eta Trenzadoa (sinplea eta bikoitza). Cortesko paloteadoaren jaiotze data ziurtasun osoarekin jakiterik ez dagoen arren, XIX. mendean kokatzen dute eta 36ko matxinadaren ondorioz galtzear egon ondoren, egun, indartsu mantentzen da Cortesko gazteek egindako lanari esker. Jarraian 2005eko paloteadoan errezitatutako bersoetariko batzuk ikus ditzakezue: