2009/02/15

HASI DIRA INAUTERIAK KEMENEN

Azken urteetako inauterien hasiera unea Kaldereroek adierazi ohi dute Kemenen, eta aurten ere honela izan da asteburu honetan bertan.

Hotz handiari aurre eginez, jendez beteriko plazan, Brahms-en 5. dantza hungariarraren doinuei jarraitzeko saiakera nahiko duinak ikusi ahal izan genituen. Egia esan, ez da gure espezialitatea, baina bai egunean bertan zein aurreko asteetako ensaioetan umore alaiz jazteko aukera ematen digu. Gainera, inauteriak dira eta bakoitzak bere mozorrotzeko dohaiak agerian jartzeko momentu ere badira, larunbatean batzuk bereziki egin zuten moduan.


Hurrengo asteburuan ere inauterietako ospakizunekin jarraitzekotan gara noski eta aurtengoan ere aspaldiko urteetako ohiturari jarraiki Olaberriako baserrietan zehar puskak biltzen ibiliko gara. Dantzarako eta giro ederrean eguna pasatzeko gogoa duen orok ateak zabalik ditu!!! Elkar ikusiko dugu.

2009/01/25

1 ETA 2, EZ DA HAIN SINPLEA!

Zein esparrutan kokatuko genuke Kemenen izaera? Aisialdikoan, hezitzailean, artistikoan edota agian terapeutikoan, zergatik ez?

Banengoen ba ni gure artean hainbeste eztabaida izateak oinarri teoriko batzuk izan behar zituela!

Egia esan, informazio ugari jaso dugu gaur egun osoan zehar eta hurrengo otsailaren 8an gehiago jasotzen jarraitzeko asmoz eta gogoz gaudela esan daiteke. Baina hori bai, gerora asko geratuko zaigu egiteko. Jasotako guztia barneratu ahal izateko norberak hausnarketa bat burutu beharko du eta zer esanik ez elkarren arteko eztabaida ordu gehiago sartu beharko ditugu. Baina noiztik gara eztabaidaren beldur? Eta orduak elkarrekin pasatzeari noiztik jarri diogu mugarik?

Beraz, guztion aberasgarri izango delakoan animo, eutsi motibazioari eta hurrengo dantza monitore ikastaroko saioan ere elkar ikusiko dugu!!!